Imanol Pradales lehendakaria ez da izango aurten Loiolan

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 28a, 13:10

Nagore Alkorta alkatea, Imanol Pradales lehendakaria eta Eider Mendoza ahaldun nagusia iaz Loiolan, basilikako eskaileretan. (Nerea Uranga)

Ostiralean, Loiolan izango dira Eusko Jaurlaritzako, Eusko Legebiltzarreko, Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak, baina Pradales lehendakaria ez da han izango. Gainerako agintariei harrera egingo diete udal ordezkariek, 10:30ean. Gero, elizkizuna izango da, Loiolako basilikan.

San Inazio bigarrenez, ostiralean, Azpeitian izango dira Eusko Jaurlaritzako, Eusko Legebiltzarreko, Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak; izan ere, urtero legez, udal hautetsiek harrera egingo diete haiei Loiolan, basilikaren aurrean. Ordea, Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, Imanol Pradales lehendakaria ez da aurten Loiolan izango.

Udal ordezkariek 10:30ean egingo diete ongietorria euskal erakundeetako gainerako ordezkariei, tartean Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiri. Harreraren ondoren, 11:00etan, meza izango da basilikan, Fernando Prado Gipuzkoako Elizbarrutiko gotzainak gidatuta. Parrokiako koruko eta Julian Barrenetxea abesbatzako kideek parte hartuko dute elizkizunean, Itziar Urbieta organistak lagunduta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide