Atzo, Santio bezperan, bukatu ziren aurtengo udal udalekuak. Bukatu bezain pronto egin du balantzea udalaren Gazteria sailak, eta pozarren azaldu da ekainaren 23an hasi eta hilabetez luzatu den egitasmoaren emaitzarekin. Nerabeentzako ekintzek izan duten "parte hartze handia" eta herriko eragileekin elkarlanean antolatutako ekintzak nabarmendu dituzte bereziki, atzo bukatu zen ekinalditik.
Gazteriarentzat, "aipagarria" izan da nerabeek beraiei zuzendutako ekintzei emandako erantzuna, baina parte hartze orokorrarekin daude oso gustura udalekuen arduradunak: "Adin tarte guztiak kontuan izanda, gero eta haur eta nerabe gehiago animatzen dira udal udaleku irekietara. Hori guretzat oso pozgarria da, egindako lanaren emaitza baita".
Elikagunearekin edota Sokaitz eskalada taldearekin, Ekoetxean zein Udal Liburutegian, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean prestatutako ekintzetan eta ezohiko txokoetan ibiltzeko aukera izan dute aurten udal udalekuetan parte hartu dutenek. "Ekintza ugari egiteko aukera izateaz gain, egunerokoan egiten ez dituzten gauzak probatzeko aukera ere izan" dutela nabarmendu du Gazteriak.
Esker ona eta oporrak
Azkenik, bost astez gauzatu duten egitasmoa posible egin duten "parte hartzaileei, begiraleei, herriko elkarteei eta era batera edo bestera parte hartu duten herritar guztiei" eskerrak emateko baliatu dute balorazioa udalekuen arduradunek. "Zuek gabe ezinezkoa izango zen udal udaleku irekiak aurrera eramatea", adierazi dute.
Horrekin batera, udalekuak amaitzearekin bat Gazteriaren zerbitzu guztietan oporrak hartu dituztela iragarri dute, ohi bezala. Irailean itzuliko dira lanera ludotekak, Gaztelekua eta Gazte Informazio Zerbitzua.