San Inazio jaien barruan, uztailaren 30ean, herri bazkaria egingo dute plazan, urteroko moduan, Marea Arroxak antolatuta, eta bertaratu nahi dutenek datozen egunetan izango dute txartelak erosteko aukera. Etzi, igandean, erosi ahal izango dira txartelak, 17:00etatik 20:00etara bitartean, plazan, Sanagustin kulturgunearen ondoan. Hurrengo egunean, uztailaren 28an –astelehena–, leku berean erosi ahal izango dira, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.
Urteroko gisan, bazkarirako txartelak ez ezik, Marea Arroxaren kamisetak eta zapiak ere salduko dituzte. Zapiak 3 euroko prezioa izango du, kamiseta 5 euro ordaindu beharko da, eta bazkarirako txartela, berriz, 10 euroan eskuratu ahal izango da. Horrez gain, kuadrillen arteko olinpiadetan izena eman ahal izango dute herritarrek; sei eta hamar pertsona arteko taldeak osatu beharko dira.