Arensmanek bigarren garaipena, Tourra ia erabakita eta Pourra eguneratuta

Erredakzioa 2025ko uzt. 25a, 18:04

Thymen Arensman pozarren, gaurko garaipenaren ondoren. (@LeTour, pantaila argazkia)

Superbagneresen Pirinioetako etapa nagusian bezala, Thymen Arensmanek (Ineos Grenadiers) irabazi du aurreikusitakoa baino laburragoa izan den Alpeetako bigarren eta azken etapa ere, La Plagnen. Azken igoeran ihes egin du, hain zuzen, Arensmanek, helmugarako hamabi kilometro falta zirenean; eta bi segundo eskaseko aldea atera die azkenean Herbehereetako igotzaileak sailkapeneko bi aurrenei.

Gaur Jonas Vingegaard (Team Visma-Lease a Bike) Tadej Pogacar (UAE Team Emirates) liderraren aurretik sailkatu da, baina denbora berarekin. Sailkapen nagusiaren hurrenkera berean iritsi dira helmugara ondorengo laurak ere: podiuma ia bermatu duen Florian Lipowitz (Red Bull-Bora-Hansgrohe), Oscar Onley (Team Picnic PostNL), Felix Gall (Decathlon AG2R La Mondiale Team) eta Tobias Johannessen (Uno-X Mobility).

Azken bi etapetan ezusteko handirik ez bada, gaurkoarekin ia erabakita gelditu da Tourraren sailkapen nagusia. Ikusteko dago Gukaren Pourraren azken emaitza, baina gaur ez da aldatu lehen postua, eta Atten Paelliek jarraitzen du buruan. Honela dago uneotan taldeen sailkapena; eta honela, sarituen behin-behineko zerrenda.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide