Azpeitiko zezen plaza goraino beteta, gaur arratsaldean jokatu dute leku horretan Errekortarien Txapelketa Nagusia. Bederatzi iragarri bazituzten ere, azkenean hamar errekortarik parte hartu dute gaurko jardunaldian: Javier Daganzok, Javier Hernandezek, Ander Martinezek, Sergio Vallek, Jorge Gomezek, Eusebio Sacristan Use-k, Daniel Alcala Chiquitin-ek, Mikel Vallejok, Pablo Martinek eta Israel Perez El Ruso-k. Izugarrizko ikuskizuna eskaini ondoren, azken horrek irabazi du txapela.
Hiruko bi talde eta lauko talde batean banatuta egin dituzte hasierako errekorteak, eta horietatik Daganzok, El Rusok, Vallek eta Chiquitinek lortu dute finalera sailkatzea. Horrenbestez, Eusebio Sacristan Usek ez du lortu finalerako txartela, ezta bere zortzigarren garaipena eskuratzea ere. Dena dela, errekorte ederrak egin ditu hark, eta arrisku uneren bat ere eskaini dio publikoari.
Finalaren aurretik, gainera, uztaien erakustaldia egin dute Xabier Iturralde azpeitiarrak eta Javier Soler valentziarrak. Iaz, Errekortarien Espainiako Uztai Txapelketa irabazi zuten biek. Finala bera uste baino azkarrago amaitu da, Sergio Vallek min hartu baitu; hori dela eta, bakoitzak bi errekorte eginda bakarrik erabaki behar izan dute irabazlea. Aipatzekoa izan da irabazleak errekorteak egiterakoan erakutsi duen lasaitasuna, baita zezen plazan nagusitu den giroa ere.
Perezek nabarmendu du "oso gustura" dagoela lortutako garaipenarekin, eta "prest" agertu da hurrengo urtean ere txapelketan parte hartzeko.