Javier Gastañaga eta Cool garaile, Azpeitiko III. Artzain Txakur Txapelketan

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 26a, 18:24

Jende ugari elkartu da gaur arratsaldean Olazko belardian, santioetako III. Artzain Txakur Txapelketa ikustera. Sei lehiakideetan onenak Antzuolako (Gipuzkoa) Gastañaga eta Cool txakurra izan dira gaur. Bikote horrek jantzi du gaur txapela Azpeitian.

Santioetako III. Artzain Txakur Txapelketa jokatu dute gaur, zapatua, Olazko belardian. Sei artzainek eta horien txakurrek, guztiak Border collie arrazakoak, parte hartu dute aurten hirugarrenez jokatu duten lehian, eta haien lanak ikustera jendetza hurbildu da. Guztietan onenak Javier Gastañaga eta Cool txakurra izan dira gaur, hark jantzi baitu Azpeitiko txapela. Bittor Bengoetxea eta Pupi txakurra sailkatu dira bigarren, eta Igor Elordi eta Lagun txakurra, hirugarren. Sei parte hartzaileek eta beren txakurrek Aretxabaletako (Gipuzkoa) Asier Dacosta eta Azpeitiko Mikel Garate epaileen aginduetara jardun dute.

Irabazleak txapela jantzi du, eta gainerako partaideek, txakurrentzako pentsu zakua eskuratu dute. Azpeitiko Udalak eta arraza libreko artzain txakur txapelketak prestatzen dituen Artxate elkarteak antolatu dute beste urte batez txapelketa santioetako eta saninazioetako egitarauaren barruan. 

Hona hemen sailkapena:

  1. Javier Gastañaga eta Cool (Antzuola, Gipuzkoa), 290 punturekin.
  2. Bittor Bengoetxea eta Pupi (Galdako, Bizkaia), 278 punturekin.
  3. Igor Elordi eta Lagun (Barinaga, Markina-Xemein, Bizkaia), 274 punturekin.
  4. Juanjo Garate eta Tina (Izurtza, Bizkaia), 274 punturekin.
  5. Xabier Gastañaga eta Fly (Antzuola, Gipuzkoa), 274 punturekin.
  6. Pello Segurola eta Luk (Matxinbenta, Azpeitia), 177 punturekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide