Euskal presoen eskubideak aldarrikatu dituzte plazan

Andoni Elduaien

Euskal presoen eskubideak errespeta ditzatela eskatzeko dozenaka lagun elkartu zen atzo arratsaldean plazan. Ondoren, ohi bezala, mokadutxoa egiteko aukera izan zuten parrilladan.

Azpeitiko Sarek deituta, euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo, zapatua, herriko plazan. Dozenaka lagun bildu zen aurrena eskubideen defentsa egiteko Behin betiko Gotzon gurekin zioen pankartaren atzean. Ondoren, parrillada egin zuten, sagardo txotxak lagunduta. 

Saninazioetan ere presoen eskubideen aldeko borrokak eta haien senideekiko elkartasunak izango dute lekurik, eta dagoeneko ohitura bihurtu den gisan, Etxera jantokia jarriko dute Azoka Plazan. Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean sabela betetzeko aukera izango dute herritarrek jantokian, 20:00etatik aurrera. Era berean, datorren asteartean Elkar-Ekinek Sanjuandegiko biribilgunean egingo duen elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu zuten. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide