Heitxi eta Kilimak taldeenak izan dira saninazioen atariko doinuak

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 27a, 08:43

Musika dantzagarriak eskaini zituzten bi musika taldeek, eta plazan bildutakoek, majo mugitu zituzten gorputzak. Santioetako kontzertuen ondoren, saninazioetakoen zain dira orain musikazaleak. 

Santioen eta saninazioen arteko zapatua izan zen atzokoa, baina ez festarik gabekoa. Atzo, Heitxi eta Kilimak musika taldeek eskaini zuten kontzertua herriko plazan festetarako egokitu duten agertokian. Kalean bildu ziren festazaleen eta ingurutik nahiz urrunagotik Azpeitira iritsitako lagunen aurrean aritu ziren bi musika taldeak, tartean Kataluniatik etorritako kuadrilla handi baten aurrean.

Aurrena, Heitxi musika taldearen txanda izan zen. Zornotzako (Bizkaia) taldeak elektronika eta euskal kulturako soinu tradizionalak, hala nola trikitixa eta panderoa, uztartu zituen herriko plazan. Kilimak musika taldeak eskaini zuen bigarren kontzertua. 2018. urtean sortu zuten runba doinuak eskaintzen dituen musika talde hori Hernanin (Gipuzkoa), eta atzo, Heitxik egin bezala, dantzan jarri zuten plaza. 

Santioen ondoren, saninazioetako kontzertuen txanda izango da orain. Asteazkenean, San Inazio bezperan, Puro Relajo taldea igoko da oholtzara, uztailaren 31n, Zea Mays, eta abuztuaren 1ean, Brigade Loco. Dena den, beste hainbat musika emanaldi ere izango dira jaietan, tartean Euskal Herriko IV. Elektrotxaranga Lehiaketa irabazi duen 3indarrok taldea kalerik kale ibiliko da asteazkenean.

Honako lotura honetan ikusi daiteke aurtengo saninazioetako egitaraua, osorik

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide