Umeen Eguna ospatzen ari dira gaur, igandea, Azpeitian. 11:00etan hasi dituzte gaurko egunerako antolatuta zeuden ekintzak Itsasi dantza taldeko eta Luis Beltzaren dantza suelto eskolako ikasleek; izan ere, dantzariek ireki duten bidea itxi dute haien atzetik joan diren umeen korporazio txikikoek, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta Banda Gazteak lagunduta.
Eguraldia lagun, udaletxe aurretik Perez Arregi plazara arteko bidea egin dute haiek Erdikalean zehar, hain baitzituzten zain gaurko erraldoien kalejiran eta lehiaketan parte hartzekoak ziren guztiak zain. Perez Arregira iritsitakoan aurreskua eskaini dute korporazio txikiko kideek, eta segidan, berriro plazara itzuli dira, atzetik dozenaka erraldoi zituztela.
12:00etan hasi da erraldoien dantza saioa herriko plazan. Arrasateko, Iruñeko, Zarauzko, Elgoibarko, Txantreako, Urduñako, Errotxapeako, Iruñeko Alde Zaharreko, Añorgako, Pasaiko, Buztintxuriko (Iruñea), Barañaingo, Tafallako, Mendillorriko, Errotxapeako Iturri Plazako, Zizur Nagusiko, Lazkaoko, Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Urrestillako erraldoiek osatu dute desfilea. Kataluniako konpartsa bat ere izan da gaur, lehenengo aldiz, Colla gegantera de Navas konpartsakoak, hain zuzen. Banaka zein taldean egin dituzte dantzak erraldoi konpartsa gehienek, baina onenak Lazkaokoak (Gipuzkoa) eta Zizur Nagusikoak (Nafarroa) izan dira. Gipuzkoarrek banakako lehia irabazi dute (300 euro), eta nafarrek, taldekakoa (600 euro). Leire Goenaga zinegotziak banatu dizkie sariak irabazleei udaletxeko udal bilkura aretoan. Plazako saioa amaitu orduko abiatu dira berriro erraldoiak Alde Zaharreko kaleak gurutzatzera, kalejiran ibili baitira ondorengo orduetan. Umeak adi-adi eta helduak gustura, goiz-eguerdi alaia igaro ahal izan dute Azpeitian bildutako guztiek.
Arratsaldean, gehiago
Datozen orduetan ere hitzordu ugari izango dira Azpeitian, bai haurrentzat, bai helduentzat. Une honetan (14:45), haurren eta gaztetxoen bazkaria ari dira egiten plazan, eta ondoren, jolasak egingo dituzte. Arratsaldean, batetik, 45. Inazio Deuna txirrindularitza saria, eta bestetik, saninazioetako zezenketetan toreatuko dituzten zezenen desenkajonamentua egingo dute, zezen plazan. Udal Musika Bandak plazan eskainiko duen pasodoble emanaldiak itxiko du gaurko eguna asteazkeneko txupinazora arte.
Hona hemen gaurko egitaraua:
- 14:30. Haurren eta gaztetxoen bazkaria, plazan.
- 15:30. Umeentzako jolasak Alde Zaharrean.
- 16:15. 45. Inazio Deuna txirrindularitza saria, Perez Arregi plazatik abiatuta.
- 18:30. Desenkajonamentua.
- 22:00. Udal Musika Bandaren pasodobleen kontzertua, plazan.