Haujijijai festa batzorde herrikoia hasi da San Inazio bezperako herri bazkarirako txartelak zein Marea Arroxaren kamisetak eta zapiak saltzen.
Atzo arratsaldean hastekoak ziren salmentarekin, baina azkenean gaurkorako utzi behar izan zuten. Horrela, 11:30ean ireki dute Haujijijaikoek Sanagustinpean jarri duten saltokia eta 13:30era arte han izango dira, eguneko lehen txanda osatuz. Bigarren salmenta txanda, berriz, 17:00etatik 20:00etara egingo dute, leku berean. Bazkarirako txartelak 10 eurotan, kamisetak 5 eurotan eta zapiak 3 eurotan ari dira saltzen.
Era berean, abuztuaren 1ean Alde Zaharrean egingo dituzten kuadrillen arteko olinpiadetan parte hartu nahi dutenek ere izena emateko aukera izango dute gaur Haujijijairen plazako postuan; gutxienez sei eta gehienez hamar laguneko taldeak osatu beharko dituzte olinpiadetan parte hartu nahi dutenek.