Gaur, astelehena, aurkeztuko ditu Urola Erdiko Itaiak San Inazio jaietan martxan jarriko duten eraso matxisten aurkako prokoloa eta festa egunetarako antolatu dituzten etxeratze kolektiboak.
Saninazioetan ukituak, jazarpen fisikoa zein hitzezkoa, etxerako bidean jarraipenak edota bestelako erasoen aurrean laguntza behar dutenentzako telefono zenbakia jarriko dute aurten ere (613 637 385), besteak beste, protokoloaren barruan. Etxeratze kolektiboei dagokienez, saninazioetako hiru gauetarako antolatu dituzte –uztailak 30 eta 31, eta abuztuak 1–. Gau bakoitzean, hiru etxeratze kolektibo egingo dituzte, Astotegitik abiatuta: 00:30ean, 02:00etan eta 04:00etan.
Aipatutakoak eta beste hainbat xehetasun emango ditu Itaiak gaurko batzar irekian. 19:00etan hasiko dute aurkezpena, Azoka Plazako goiko solairuko aretoan.