Ia lau hamarkada egin ditu Kepa Susperregik (Errenteria, Gipuzkoa, 1957) Azpeitian, horietatik ia hiru herriko erretore gisa. Udazkenean utzi zuen herria, Zarauzko parrokiaren ardura hartzeko, baina etzi Azpeitian izango da berriz, berak botako baitu festen hasierako txupinazoa. "Sekulako ustekabea" izan dela aitortu du protagonistak, eta "hunkituta" dagoela.
Herritarrek hala erabakita, etzi, 12:00etan, zuk botako duzu txupinazoa udaletxeko balkoitik. Egun handiaren bezperetan, zer sentipen dituzu?
Sentimendu ugari dauzkat. Mikelek [Odriozola] deitu zidanean, uste nuen norbaiten telefono zenbakia eskatzeko-edo ari zitzaidala deika. Txupinazoa botatzeko lau hautagaien artean nengoela esan zidanean, hunkitu egin nintzen, horixe izan zen lehenengo sentimendua, baina erantzun nion beste hautagairen batek boto gehiago jasotzen bazituen, nahiago eta guzti nuela. Gero, ikusita zenbait lagunek esan dizkidatenak eta jendearen aldetik jaso dudan babesa, gain hartuta bezala sentitu naiz, emozioz gainezka. Eta horretaz guztiaz gain, erabat eskertuta nago.
Udazkenean, Zarautzera joan aurretik, hainbat agur ekitaldi egin zizkizuten herritarrek, baina txupinazoa botatzeko aukera hau Azpeitiko etapa bukatzeko era polita da, ezta?
Bai, hau izango litzateke pastelaren ginga. Ez nuen horrelakorik espero, erabateko ustekabea izan da niretzat.
Aurten, bigarrengoz, herritarrek aukeratu dute nork botako duen festen hasierako txupinazoa. Zer iruditzen zaizu hori?
Uste dut Iruñean ere herritarrek parte hartzen dutela txupinazoa nork bota erabakitzeko prozesuan, eta egia esan, egitasmo polita iruditzen zait.
Pentsatuta al daukazu zer esango diozun herriari udaletxeko balkoira irteten zaren unean?
Ez, ez dakit ezer esan beharrik ere izango dudan, ez dakit zein den protokoloa edo dena delakoa. Zerbait esan behar badut, aurrez aipatutako horiexek esango ditut: hautagaien artean nengoela jakite hutsak hunkitu egin ninduela, herritarren aldetik jasotako babesagatik gain hartuta sentitu naizela, eta baita esker oneko sentitzen naizela ere. Esker oneko, Azpeitian egin ditudan 39 urteetan hainbat eta hainbat herritarrek lagundu didatelako Azpeitia nire etxe eta nire herri bihurtzen, ni etxean sentitzean, eta horixe adieraziko dut.
Behin txupinazoa bota eta gero, zer egingo duzu etzi? Plan berezirik-edo ba al daukazu?
Eguerdia Azpeitian pasatuko dut, etxekoekin eta lagunekin elkartuko naiz, eta arratsalde erdian Zarautzera joan beharko dut, han ere betebeharrak eta eginkizunak izango ditudalako, ordezkoak topatzea zaila daukagu eta... Gainontzean, saninazioetarako ez daukat erabakitako beste planik; gerta daiteke lagunekin afariren bat edo bazkariaren bat izatea, eta hala balitz, etorriko nintzateke. Azpeitira zatozenean maitatua sentitzen al zara? Bai, etortzen naizenetan hunkitu egiten nau jendeak erakusten didan gertutasunak eta maitasunak.
Etzi eguneko protagonista izango zara. Prest al zaude horri aurre egiteko?
Ez dakit prest nagoen, baina gertatu behar duena gertatuko da eta kito, aurretik ezin dut jakin zenbaterainokoa izango den eta nola egingo diodan aurre.
Saninazioak gustuko festak al dituzu?
Bai, gustuko ditut. 39 urtean saninazioak hainbat eratara bizitzeko aukera izan dut. Lehenengo urteetan, beste askatasun bat geneukan; izan ere, Patxi Aizpitarte eta biok orain dela 40 urte Azpeitira etorri ginenean, hasieran, Sanjuandegiko gorabeherez eta Esklabetako elizkizunez bakarrik arduratzen ginen. Behin herriko erretore izendatu nindutenetik aurrera, ordea, beste ardura batzuk ere izan ditut, eta konpromiso ofizial gehiago ere bai: San Inazio egunaren bezperako elizkizuna Loiolan, San Inazio egunekoa parrokian, San Inazio bigarrenekoa Loiolan eta abar. Azkeneko urteetan saiatu izan naiz festetako beste ekintza batzuetan ere parte hartzen, baina herritar eta ikusle modura izan da hori: su festetan, kontzerturen batean eta abar.