Zerbait ikasi izan badugu herri honetan, hizkuntzaren erabilera ez dela neutroa da, eta hitzei eman nahi izaten zaien esanahiek errelato bat eraikitzen dutela berekin. Segurtasunarena izan liteke azken bolada honetako adibide nagusia. Izan ere, ez dago segurtasunaren inguruko errelatorik etorkinekin lotu gabe, edota azken egunetan bezala, "gazteen oldarraldiarekin" ezkondu gabe. Orain elkarbizitzaren ordua dela dirudi.
Erreakzioaren gorakadaz mintzo garenean, gure garunetan ezartzen doazen ideia multzoetaz dihardugu, normalizatzen goazen terminologia, jokamolde edota gertaerez, besteak beste. Ausazko zerbait izatetik urrun, desestrukturazio betean dagoen gizarte eredu baten ezinbesteko bilakaera baten aurrean gaude, historiak erakutsi izan digun bezala. Orain urte batzuk ezkutatu beharreko ideiak etxeko pantailetatik sartu zaizkigu, izan komunikabide konbentzionalen edota hainbat youtuberren bitartez: Torre Pachekokoa bera, gurean apurka ezarri nahian dabiltzan ideien ondorio agerienetako bat baino ez da, Hernaniko gertaeretan edo Lo que no te cuentan de Donosti-n ikus dezakegun bezala.
Festen bezperan, Marea Arroxaren sortze garaiak datorzkit burura, argi baikeneukan euskal jauntxoei bideratutako festei (zezenak, Eliza eta lehendakaria) alternatiba eraikitzea beharrezkoa zela. Anomalien normalizazio garai hauetan, ordea, badu oinordekorik anakronikotzat dugun festa eredu horrek, eta aurreko urtean bezala, ideia horietatik guztietatik etekin politikoa ateratzen dihardutenen errepresentazioa izango dugu aurten ere gurean: Morante de la Puebla.
Voxekoek, herriko hogei lagun espetxean ikusi nahi gaituzten horiek, epaitegietan enegarren errekurtsoa bideratzen duten bitartean, herriko kaietano berriak ikusi behar ditugu, berriro, Morante bezalako pertsonajeak sorbaldetara igotzen? Que viva España abesten duten horiek beraien zapiak astintzen dituzten bitartean, faxista deklaratu bati ongietorria egiten?
Elkarbizitzaren oinarriak eraikitzeko zerbait beharrezkoa bada, zaurgarrienen defentsan irmo borrokatzea da; ideia matxista, homofobo, arrazista zein klasistei erantzuteko gaitasuna izatea, besteak beste. Nahiz eta alderdi, komunikabide eta komisaldegietatik "elkarbizitzarako" deia gazte aktiboei zuzendutako "mehatxu formal" bat izan, kaleetako errealitatearen jabe diren gutxik izango dute gazteei lekzioak emateko kreditu moralik, edota horiei elkarbizitzaren oinarriak berrizendatzeko gaitasunik.
Argi geratu baita, goizeko ordu txikietan polizia bideratzetik haratago, gazte horiek izango direla gure festetan ere elkarbizitzarako lan aktiboena egingo dutenak: izan matxismoaren aurkako protokoloak eraikiz, izan eraso homofobo eta arrazistei irmoki erantzunez, edota Voxen azken propaganda saiakeran erakutsi bezala, ideia faxisten adierazpide ororen aurrean lehen lerroan aurpegia emanez.