Barraketan ohi baino merkeago ibiltzeko aukera izan zen atzo arratsaldean, eta asko izan ziren aukera hori baliatu zuten haur eta gaztetxoak. 17:00etan hasi eta gauerdira arte, jendetza ibili zen Iraurgi ikastetxeko jolastokian dauden tiobiboetan –2,50 eurotan salduko dituzte txartelak gainerako egunetan, eta atzo 1,50 eurotan saldu zituzten–.
Aurreko urteetako joerarekin jarraituz, aurten ere haur guztiek gozatzeko moduko espazioa sortu nahi dute barraketan, beraz, musika itzaliko dute arratsaldero 17:00etatik 18:30era, behar bereziak dituzten haurrek ere gozatzeko aukera izan dezaten. Gainera, aniztasun funtzionala duten haurrek barraketan ibiltzeko lehentasuna izango dute zapatuan 16:00etatik 17:30era eta uztailaren 31an, Saninazio egunez, 11:00etatik 12:30era.