Festarako gogoak irabazi egin dio eguraldi eskasari

Aitziber Arzallus 2025ko uzt. 30a, 19:56

Herri bazkaria plazan egin beharrean Azoka Plazan eta inguruko aterpeetan egin behar izan dute, baina arratsaldeko gainontzeko ekitaldi guztiak aurreikusita bezala gauzatu ahal izan dituzte. Jende asko erakarri du horietako bakoitzak; hala nola txosnagunearen irekierak, bigantxek, Front Oi! Txiki Festek eta DJ Jonen emanaldiak.

Eguraldi eskasa ez da gai izan azpeitiarren festarako gogoa zapuzteko, eta moldaketatxo batzuk eginda bada ere, arratsalderako antolatutako ekitaldi guztiak aurreikusitako moduan gauzatu dituzte. Herri bazkaria, esaterako, herriko plazan egin beharrean aterpean egin behar izan dute. Azoka Plazan ez ziren sartzen 700 lagunak, eta inguruko aterpeak ere baliatu behar izan dituzte. Dena dela, giro bikaina sortu da. 

Ondoren, 17:00ak pasatxo zirenean, txosnagunea ireki dute. Artean euri lanbropean, baina eguzkirik borobilena balego bezalaxe egin dituzten dagoeneko ohitura den aulki jokoa eta beste jolas batzuk. Hangoak bukatzerako atera dituzte bigantxak Done Jakue kalean, eta han ere jendetza batu da, festetarako jartzen dituzten harmailak goraino beteta zirela. 

Hantxe alboan, baina pixka bat beranduago, Front Oi! Txiki Fest ere izan da. Urte batzuetako etenaldiaren ostean, aurten berreskuratu dute musika jaialdia, eta 18:30ean hasita, lau taldek jo dute zuzenean; hain zuzen ere, Bergarako (Gipuzkoa) Cold Revenge, Azpeitiko Jipoituak, Oiartzungo (Gipuzkoa) Yakovlev 42 eta Oñatiko (Gipuzkoa) Inguma taldeek. Ordu berean, baina Olazko Amaren Plazan bestelako musika eskaintza izan da: DJ Jon. Haren doinuetara dantzan aritu dira hainbat eta hainbat herritar. 

Arratsaldekoak bukatuta, datozen orduetan ere festak ez du etenik izango Azpeitian. Hona hemen datozen orduetarako egitaraua: 

  • 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
  • 20:00. 3Indarrok elektrotxaranga kalez kale.
  • 21:30. Debrass Band taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 22:00. DJ Elepunto, Olazko Amaren plazan.
  • 22:30. Puro Relajo taldearen emanaldia, plazan.
  • 23:00. Su artifizialak, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik, Izarraizko Atea parkea.
  • 23:30. Balantza taldearen erromeria, txosnagunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide