Uztailaren 31ko goizeko ohiturekin kunplituta eta atsedenerako tarterik gabe, eguerdikoen txanda etorri da. Horrela, Done Jakue kaleko eremu hesituan gazteak bigantxekin jolasean eta haiei begira dozenaka lagun elkartu diren bitartean, Sanagustin kulturgunea bete-beteta zela eman du Udal Musika Bandak San Inazio eguneko ohiko kontzertua, Beñat Etxaberen gidaritzapean. Kalean, berriz, Gauerdi txarangakoek jarri diote musika eguerdiko poteo jendetsuari.
Familia ugari elkartu dira aipatu poteorako, eta horietako askok elkarrekin bazkalduko dute jarraian, San Inazio eguneko ohiturak berrituz. Festarako gogoz jarraitzen dutenek kaleak hartuko dituzte berriro arratsaldean eta gauean, eta hau da aukeran izango dituzten ekintzen zerrenda:
- 17:30. Bigantxak (Arno ganadutegia), Done Jakue kalean.
- 17:30. Azken fakirra ikuskizuna, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plaza aurrean.
- 18:30. Zezenketa. Toreatzaileak: Morante de la Puebla, Daniel Luque eta Juan Ortega. Ganadutegia: Loreto Charro.
- 18:30. Ultraeskuinaren eta ideia faxisten aurkako elkarretaratzea, plazan.
- 19:00. Oria txaranga, Landetatik abiatuta.
- 19:00. Flamenko poteoa Burrumba taldearekin, Alde Zaharrean.
- 19:00. Desbiatuen kuirropoteoa, plazatik abiatuta.
- 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
- 20:30. Parrillada, plazan.
- 21:30. Esku pilota jaialdia, Izarraitz pilotalekuan: Julen Egiguren-Erostarbe vs Unai Alberdi-Ugartemendia; Altuna-Rezusta vs Peña-Mariezkurrena.
- 22:00. Aurrez Aurreren kontzertua, txosnagunean.
- 23:00. Su artifizialak, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik, Izarraizko Atean.
- 23:30. Zea Maysen kontzertua, plazan.
- 01:00. Iltzeren kontzertua, txosnagunean.
- 02:30. Ukabilen kontzertua, txosnagunean.