Ordezkari politikoak Loiolan eta bakailaoa plazan, San Inazio bigarrenez

Julene Frantzesena 2025ko abu. 1a, 15:40

Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei harrera egin diete udaleko hautetsiek Loiolan. Protestarako tartea ere izan da abuztuaren 1eko elizkizunaren atarian. Plazan, Bakailao Txapelketa egin dute, 25 bikoteren parte hartzearekin. Mikel Zaldua eta Leire Mendez izan dira nagusi, eta egurrezko koilara Arauntza soziedadera eraman dute.

San Inazio bigarrena iritsita, Loiolako harrera instituzionala eta Bakailao Txapelketa izan dira goizeko protagonistak. 

Udaleko ordezkariek harrera egin diete Gipuzkoako Foru Aldundiko, Batzar Nagusietako, Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko kideei Loiolako zabalgunean. Han izan dira, besteren artean, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, EH Bilduko nahiz EAJko zinegotziak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta gainerako diputatuak zein Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea. Boisen (Idaho, AEB) den Imanol Pradalesen ordez, berriz, Jaurlaritza ordezkatzen izan dira Loiolan, besteak beste, Maria Ubarretxena eta Bingen Zupiria sailburuak. Haiekin batera, Loiolara etorri da Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria.

Politikarien harrera zela eta, basilikaren bueltan elkartu dira hainbat lagun, Sañu Bizirikek deituta, mendietako zentral eolikoen kontrako aldarrikapena zabaltzeko; eta han izan dira, halaber, Geroako kaltetuak ere. Politikariak iristerako, Loiolako zabalgunean ziren Sañu Biziriken protestarekin bate egin duten dozenaka lagun, eta haiek Arrupe hotela zenaren parera mugiarazi ditu Ertzaintzak; han segitu dute protestan, erakundeei zuzendutako hainbat mezu oihukatuz.

11:00etarako beteta zegoen Loiolako basilika, eta Fernando Prado Gipuzkoako gotzaina buru zela egin dute San Inazio bigarreneko elizkizuna. 

Ordu beretsuan hasi da plazan bakailao lehiaketa. 25 bikote aritu dira, gatz eta piper, plater onena prestatzeko lehian. Giro bikaina sortu da, suen artean, eta Mikel Zaldua eta Leire Mendez izan dira aurtengo txapeldunak. Bigarren, berriz, Mila Uranga eta Iosu Manzisidor sailkatu dira, eta hirugarren, Amaia Aranaga eta Begoña Bereziartua. Soziedade onenarentzako koilara, berriz, Arauntza elkartera eraman dute Iñaki Goikoetxeak, Edorta Oiarzabalek eta Julen Azkuek. Sariak banatuta, Azoka Plazan bakailaoa bazkaldu dute hainbat lagunek. 

Olinpiadarik ez

Haujijijai festa batzordekoek jakinarazi dutenez, bertan behera utzi behar izan dituzte arratsaldeko kuadrillen arteko olinpiadak. Horrenbestez, ez da jolasik izango 18:00etan Alde Zaharrean.

Arratsaldean segituko du festak, hala nahi duenarentzan. Hona hemen, San Inazio bigarreneko bigarren zatiaren egitaraua:

  • 17:00. Apar festa, Balentina Agirre plazatxoan.
  • 17:30. Bigantxak (Lopene ganadutegia), Done Jakue kalean.
  • 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plaza aurrean.
  • 18:30. Zezenketa. Toreatzaileak: Damian Castaño, Morenito de Aranda eta Jose Fernando Molina. Ganadutegia: Ana Romero.
  • Ordu berean, Los Pasai txaranga, kalez kale.
  • 19:00. Zesta punta jaialdia, Izarraitz pilotalekuan: Elaia-Eneritz vs Helena-Frida; Erkiaga-Lekerika vs Barandika-Lopez.
  • 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
  • 22:00. Rodeoren kontzertua, txosnagunean.
  • 22:00. Muxutruk taldearekin erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 23:30. Brigade Locoren kontzertua, plazan.
  • 01:00. Sedientos de Cumbia taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 02:30. Tatxers taldearen kontzertua, txosnagunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide