Aurtengo saninazioetako azken gauerako prestatzen ari da uneotan Azpeitia. Goizeko bi hitzordu nagusiak alde batera San Inazio bigarrenaren lehen erdian kaleak lasai egon badira, arratsalde erditik aurrera berreskuratu dute, nagusiki, festa giroa. Hala ere, iragarritako egitarauan izan da huts egin duen hitzordu bat, bertan behera utzi baitituzte bigarrenez egitekoak ziren kuadrillen arteko olinpiadak.
Balentina Agirre plazatxoan hasi da arratsaldeko festa. Han, igerilekurako edo hondartzarako girorik egon ez arren, bainujantziak eta uretarako betaurrekoak soinean, hainbat umek gozatu dute saninazioetan klasiko bihurtzen ari den apar festaz. Gaztetxo eta ez hain gaztetxo askok, berriz, Done Jakuen egin dute bat zezen txikien bueltako arratsalderoko hitzorduarekin. Zezen plazan, berriz, bigarren zezenketa egin dute. Hara bidean Igor Etxaniz Kinttela aguaziltxoak, Udal Musika Bandak eta mandaizainek egindako paseotxoak jende asko erakarri du beste behin. Zezen plazan ere batu da jendea, nahiz eta ez den guztiz bete; zezenketen aurkako protesta ere atzokoa baino apalagoa izan da zezen plazaren atarian. Ikusmina piztu duen bestea izan da 19:00etan hasita Izarraitz pilotalekuan jokatu duten zesta punta jaialdia. Pilotazale ugari elkartu dituzte puntistek, tartean zesta punta jokatzen zuzenean inoiz ikusi gabeko ikusle ugari.
Azkenak direla
Zuzezeneko musika eskaintzarik ez da faltako datozen urteetan plazan, txosnagunean zein Olazko Andre Mariaren plazan. Gau luzea eta zapatu goizeko lehen orduak lotuko dituzte txaranga doinuek eta zezenak, eta etena izango du ondoren festak, hirugarren eta azken zezenketarekin eta txarangaren ondoko kalejirarekin agur esan arte.
Hona hemen, saninazioen azken txanparen egitaraua:
- 22:00. Rodeoren kontzertua, txosnagunean.
- 22:00. Muxutruk taldearekin erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 23:30. Brigade Locoren kontzertua, plazan.
- 01:00. Sedientos de Cumbia taldearen kontzertua, txosnagunean.
- 02:30. Tatxers taldearen kontzertua, txosnagunean.
Bihar, larunbata. San Inazio hirugarrena
- 06:00. Incansables txaranga, kalez kale.
- 07:00. Bigantxak (Marques de Saka ganadutegia), Done Jakue kalean.
- 12:30. Arratsalderako zezenen aurkeraketa, zezen plazan.
- 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plaza aurrean.
- 18:30. Zezenketa. Toreatzaileak: Paco Ureña, Tomas Rufo eta Borja Jimenez. Ganadutegia: Murteira Grave.
- 19:00. Jainekin txaranga, kalez kale.