Abuztuak 2 ditu gaur, udako oporren hasiera askorentzat, baina 2025eko saninazioen agurreko eguna ere bai.
Azken zezenketa izango da eguneko hitzordu ia bakarra eta ordura bitartean ez da beste festa ekitaldirik izango kaleetan, baina jaien azken gauaz gozatu dutenentzat ez da arazo izango hori. Izan ere, saninazioetako azkena eta luzeena ere izan da bart gaueko parranda, abuztuaren 1etik 2rakoan ohi bezala. Kontzertu sorta luze eta askotarikoak girotu du azken festa gau hori: Muxutruk taldearekin erromeria izan da Olazko Andre Mariaren plazan, Brigade Locok bete du plazako agertoki nagusia, eta hiru kontzertu izan dituzte txosnetan: Rodeo, Sedientos de Cumbia eta Tatxers.
Eta ostiralean hasitako gau luzea zapatu goizarekin lotzeko, Incansables txarangarenak izan dira musika doinu goiztiarrenak, eta Done Jakue kalean zezen txikiekin aurtengo azken hitzordua izan dute festa luzatu dutenek.
Gaurko egitaraua
Azken egunekoa izango da, esan bezala, festa egitarau laburrena. Hauek dira saninazioetako agurrekoaren hitzorduak:
- 12:30. Arratsalderako zezenen aurkeraketa, zezen plazan.
- 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plaza aurrean.
- 18:30. Zezenketa. Toreatzaileak: Paco Ureña, Tomas Rufo eta Borja Jimenez. Ganadutegia: Murteira Grave.
- 19:00. Jainekin txaranga, kalez kale.
(Argazkiak: Maialen Etxaniz eta Aitziber Arzallus)