Azken paseilloarekin eta Murteira Graveren zezenketarekin bukatu dira saninazioak

Maialen Etxaniz 2025ko abu. 2a, 21:15

Jende ugari elkartu da Alde Zaharretik zezen plazara arteko bidean saninazioetako azken zezenketaren aurreko paseilloa ikusteko, eta zezen plaza ere asko bete da. Murteira Grave ganadutegiko zezenekin aritu dira Borja Jimenez, Paco Ureña eta Tomas Rufo, eta Jimenez nabarmendu da. Goizean, urte luzez zezen plazako zaintzaz arduratu diren Joxe Mari Azpeitia eta Jabier Arruti omendu ditu Zezenzale Batzordeak. 

Ia lau eguneko festaren ostean, amaitu dira 2025eko saninazioak. Batzuek goizaldean agurtuko zituzten herriko jaiak, baina badira gaurko eguna probestu dutenak ere. San Inazio hirugarrena da gaur, eta hirugarren zezenketarekin itxi dira jaietarako antolatutako ekintzak. 

Herriko kaleak nahikoa hutsik zeuden arren, jende ugari elkartu da Alde Zaharretik zezen plazara arteko bidean saninazioetako azken zezenketaren aurreko paseilloa ikusteko, eta ohi bezala, txaloz hartu dituzte Igor Etxaniz Kinttela aguaziltxoa, Udal Musika Banda eta mandaizainak. Ordurako zezenketen aurkako protesta egiten ari ziren zezen plazaren atarian. Atzo baino lagun gehiago eta San Inazio egunean baino gutxiago elkartu da Oinatz elkarte animalistak deitutako protestan.

Zezen plaza, berriz, asko bete da. Gaurkoa hirugarren eta azken zezenketa izan da, eta Murteira Grave ganadutegiko zezenekin aritu dira Borja Jimenez, Paco Ureña eta Tomas Rufo toreatzaileak. Zezenketa hasi aurretik, 2024ko zezen onenaren saria jaso du Joaquin Murteira ganaduzaleak, iaz indultatu zuten Almirante zezenarengatik. Azpeitiko zezen plazan egindako lehen indultua izan zen Almiranterena. Edurne Enparan zinegotziak eman dio saria Murteira Graveko ganaduzaleari Azpeitiko Udalaren izenean. Toreatzaileen artean, Borja Jimenez nabarmendu da, bi belarri moztu ostean, zezen plazatik sorbaldetan aterata. 

Zezenketa ari zen bitartean,  herriko kaleak musikaz alaitu ditu Jainekin txarangak. 

Agur berezia

Goizean, hirugarren zezenketarako zezenen banaketa egiteko ekitaldian, Azpeitiko Zezenzale Batzordeak omenaldia egin die urte luzez zezen plazako zaintzaz arduratu diren Joxe Mari Azpeitiari eta Jabier Arrutiri. Izan ere, aurtengoa izango dute lan horretan arituko diren azken urtea. 

(Aritz Aranbarri)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide