Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko errektoreorde izendatu dute Mari Jose Aranguren

Julene Frantzesena 2025ko abu. 4a, 11:26

Deustuko Unibertsitateko zuzendaritza taldea –eskuinetik hirugarrena da Aranguren–. (Deustuko Unibertsitatea)

Hark uztailaren erdi aldean hartu zuen kargua, bost urtez zeregin horretan aritu den Xabier Riezu ordezkatuz. 2014tik Orkestra lehiakortasun institutuko zuzendaria izan da urrestildarra, eta otsailean Aspegik banatzen duen Urteko Zuzendaria saria jaso zuen.

Mari Jose Aranguren urrestildarra izendatu dute Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko errektoreorde. Hark uztailaren erdi aldean hartu zuen kargua, bost urtez zeregin horretan aritu den Xabier Riezu ordezkatuz.

Deustuko Unibertsitatean Ekonomia katedraduna da Aranguren, eta irakasle lanetan ere aritu da unibertsitate horretan. Orkestra lehiakortasunerako institutuko zuzendaria izan da 2014az geroztik, baina errektoreorde kargua hartuta, ez du zuzendari izaten segituko; James Wilsonek beteko du azpeitiarraren lekua.

Joan zen otsailean Aspegik banatzen duen Urteko Zuzendaria saria jaso zuen urrestildarrak. Aurretik, 2016an, Hardvardeko Unibertsitateko Estrategia eta Lehiakortasun Institutuaren aitortza jaso zuen egindako ibilbideagatik.

Deustuko Unibertsitateak zuzendaritza berritu du, eta hainbat aldaketa egin ditu campusetako goi karguetan. Dena den, Juan Jose Etxeberria azpeitiarrak segituko du errektore izaten –2023an hartu zuen hark Jesus Guibert azpeitiarraren lekukoa–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide