Bukatu berri diren jaiekin "gustura" agertu da udala

Julene Frantzesena 2025ko abu. 4a, 15:21

Herritar ugari plazan, saninazioetako txupinazoaren garaian. (Urtzi Oteiza)

Egitarauko ekitaldietan herritarren parte hartze "handia" izan dela eta kalean "giro ona" izan dela nagusi azpimarratu du erakundeak. Jaien atarian eta festetan lanean aritu diren herritarrentzako esker hitzak izan ditu udalak, eta parekidetasunera bidean lanean jarraitzeko premia dagoela azpimarratu du.

Bukatu dira aurtengo saninazioak, baina ez dira oharkabean pasatu herritarrentzat. Izan ere, uztailaren 24an hasi eta abuztuaren 2ra arte, askotariko ekintzak izan dira herrian, gustu guztietarako. Udala "gustura" geratu da jaiek eman dutenarekin, batik bat egitarauko ekitaldietan herritarren parte hartze "handia" izan delako eta kalean "giro ona" izan delako nagusi.

Mikel Odriozola Festa batzordeburuaren esanetan, txupinazoaren unea bera izan da aurtengo jaietako momenturik hunkigarrienetako bat. Hala esan du: "Balkoira atera zenean, txaloz hartu zuten herritarrek Kepa Susperregi, eta une polita izan zen. Bertsotan egitera ere ausartu zen, eta hasiera berezia izan zuten saninazioek".

Oro har, udalak antolatutako ekitaldi guztiek jende asko erakarri dutela ere esan du, eta batez ere, kontzertuek izan duten arrakasta azpimarratu du Odriozolak. "Iaz bezala, aurten ere itxura zoragarria izan du plazak hiru egunetan. Jende mordoa elkartu da kontzertuetan, adin guztietako jendea gainera".

Hark herriko gainerako guneetan izan diren musika emanaldiei ere eman die balioa, haren ustez musika jaietako "ezinbesteko" osagaia delako: "Txistulariek, Musika Bandak, txarangek, erromeria taldeek eta abaarrek sekulako lana egin dute. Musika ezinbestekoa da edozein festetan, eta saninazioetan protagonismo handia izaten du goizetik gauera".

Halaber, egitarauan gauza berriak programatzeko ahalegina egiten dutela eta aurtengoan berrikuntza hori zesta punta partidak izan direla adierazi du zinegotziak. Hitzorduak ikusmina piztu zuela eta jendea frontoitik gustura atera zela esan du hark.

Esker hitzak

Santioen eta saninazioen bueltan ekitaldi ugari izan direla gogorarazi du Odriozolak, eta hark jaien antolakuntzan izan ohi den elkarlana ekarri du gogora. "Askotan esaten dugu, baina jaien aurkezpeneko argazkian argi ikusten zen bezala, elkarlanean antolatzen dira saninazioak, eta bene-benetan eskertzekoa da hainbeste eta hainbeste eragilek egiten duten ahalegina".



Era berean, festa egunetan lan egiten duten herritar guztiei ere eman dizkie eskerrak: “Festen alde zatarretako bat da sortzen den zikinkeria, baina goizean goizetik lan handia egiten dute kale garbitzaileek eta eraikin garbitzaileek dena berriz ere txukun-txukun uzteko. Udal brigadarentzat ere lan askoko egunak izaten dira, bai festa egunak, bai festen aurreko eta ondorengo egunak ere. Horregatik, eskertzekoa da horiek, Udaltzaingoak nahiz gainerako udal langile guztiek egiten duten lana".


Lanean jarraitzeko premia

Iaz hasitako bideari jarraituz, festa eredu parekieen eta gozagarrien aldeko Danok ala iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie sentsibilizazio kanpaina izan du martxan erakundeak saninazioetan. Herriko hainbat txokotan kartelak jartzeaz gain, spot bat egin du udalak, eta tabernariei gutun bat bidali die kanpainaren berri emateko eta erakundeak indarrean dituen protokoloak zeintzuk diren jakinarazteko.

Miren Arrieta Parekidetasun zinegotziak esan duenez, aurten aldatu egin dute indarkia matxistarik gabeko gunearen egutegia eta ordutegia, eta harrera oso ona izan du egitasmoak. "Jende asko joan da Plaza Txikira informazioa eskatzera, sentsibilizatzera eta nahiz arreta eskatzera, eta horietako askok hartu dituzte pegatinak eta esku orriak", adierazi du.

Hala ere, parekidetasunaren gaian sakontzeko premia dagoela azpimarratu du Arrietak. "Espazio publikoa eta herriko jai guneak oraindik ere ez dira espazio seguruak askorentzat, eta gertatzen dira jokabide matxistak eta LGTBIfobikoak. Horregatik, jai parekideen alde lanean jarraitzea dagokigu, ukituak, begiradak, jarraipenak eta indarkeria zantzurik txikienak desagerrarazi arte".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide