Iraurgiko gizonen lehen taldeak, Biele ISBk, osatu du 2025-26 denboraldirako taldea. Bigarren FEB mailan ariko da Azkoitiko eta Azpeitiko taldea, eta klubak jakinarazi duenez, etxeko eta Gipuzkoako jokalari hainbat izango dira taldearen ardatza, aurreko denboraldiari segida emanez.
Hain zuzen ere, Biele ISBn jarraituko dute Ierai Aizpitartek –Gipuzkoa Basketek utzita–, Andoni Atxak, Mikel Olaizolak, Iñigo Mirandak eta Oier Indak. Horiez gain, Espainiako hirugarren mailan esperientzia duten Oier Ardanza, Mohamed Niang, Adriá Moncanut eta Unai Barandalla ariko dira taldean. Bestalde, atzerrian ere egin ditu fitxaketak Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak: Thierry Sagna eta Djibril Sakho pibot senegaldarrak eta Jordan Jermain saskiratzaile estatubatuarra.
Datorren denboraldian, gainera, entrenatzaile berria izango du Biele ISBk: Iñigo Nuñez santurtziarraren gidaritzapean ariko dira taldeko jokalariak. Hark ezagutzen du Bigarren FEB maila; izan ere, iaz Ciudad de Huelvan eta Teknei Bizkaia Zornotzan aritu zen entrenatzaile lanetan. Halaber, Britainia Handiko emakumeen selekzioko entrenatzaile laguntzailea da, eta EBA ligan ere aritutakoa da.
Haren laguntzaileak izango dira Gorka Atxa leioztarra eta Andoni Azpiazu azpeitiarra –aurreko urteetan ISBko gizonen lehen taldeko laguntzailea izan da, baita Euskal Ligako kadeteen eta juniorren entrenatzailea ere–. Santi Merino izango da taldeko delegatua beste sasoi batez, eta Josu Larrañaga, berriz, prestatzaile fisikoa.
Denboraldiaurrea, irailean
Irailaren 1ean hasiko du Biele ISBk denboraldiaurrea, entrenamendu saioekin, eta lau lagunarteko partida jokatuko ditu taldeak. Batetik, irailaren 5ean Adour Dax Basket taldearen aurkako neurketa izango du Hazparnen (Lapurdi); bestetik, Clavijoren kontra neurtuko dituzte indarrak irailaren 13an. Hilaren 20an, berriz, Castillo de Gorraiz Valle de Egües taldearen aurka ariko da ISB, Eguesen (Nafarroa), eta laugarren eta azken neurketa irailaren 27an edo 28an jokatuko du Azpeitian, Logrobasketen aurka.
Bigarren FEB Liga, aldiz, urriaren 5ean hasiko da, eta Biele ISBk denboraldiaurreko azken lagunartekoa jokatuko duen taldea izango du aurrez aurre etxean: Logrobasket. Oraindik zehazteko dute partida horren ordua.
Domusa ISBren taldea osatzen ari da gaur-gaurkoz kluba, eta oraindik ez du jakinarazi zein jokalari ariko diren Azpeitiko eta Azkoitiko taldean datorren sasoian. Dena den, denboraldiaurreari ez diote ekin oraindik emakumeek.