Ura agentziak Urola ibaiko landareria arintzeko lanekin jarraituko du aste honetan Azoka Plazaren eta Enparan dorretxearen artean. Joan zen astelehenean hasi ziren eremu horretako landareria arintzeko zereginarekin, eta ostiralerako amaitzea aurreikusten zuten arren, ibaian dagoen landare kopurua tarteko, datozen egunetan jarraituko dute ibaiaren emari hidrologikoa "hobetzeko" lanekin. Ibaiko fauna eta flora "ahalik eta gehien mantenduz" egingo dituzte zereginak. Izan ere, aberastasun ekologiko handia du Urola ibaiak, eta herriguneko eremu hori, zehazki, izaki bizidun askoren habitata da. Hori dela eta, "lehentasun handieneko eremutzat" jo dute orain esku hartzen ari direna.
Urola ibaiaren zati horretan asko hazi da landaredia azken urteetan, eta erakundeetan kezka sortu du horrek, batez ere uholde arriskuari erreparatuta. Hori dela eta, hainbat espezie kenduko dituzte ibaitik, besteak beste, bertakoak ez diren espezieak eta hamarren bat platanondo. Bestalde, zuhaitzak bi metro ingurura arte kimatuko dituzte, urak handi datozenean ibaiak dakarrena beheko adarretan katigatuta geratzeko arriskua saihesteko. Horrez gain, ibaian pilatuta dagoen hildako egurra ere kenduko dute.
Plangintza, irailean
Landaredia arintzeko erabakia hartzerako, Azpeitiko Udalak azterketa egin zuen, eta Basoinsa enpresak ikertu zuen ibaiko landarediak uholdeetan izan dezakeen eragina zer-nolakoa izan zitekeen. Azterketa horren emaitzaren ondorioak Ura agentziarekin partekatu zituen udalak, eta erakunde horrek begi onez ikusi zuen ibaiaren zati horretan landaredia aritzea. Azpeitiko Udalak eta Ura agentziak esku hartzeen plangintza egingo dute datozen hilabeteetarako, eta jendaurrean aurkeztuko dute irailean.