Erreakzio soka ekarri du Txiki eta Otaegiren Zarauzko olana jarri eta kendu izanak

Julene Frantzesena 2025ko abu. 14a, 11:08

Txiki eta Otaegi ageri diren olana, Santa Barbaran. (Utzitakoa)

Irailaren 27an 50 urte beteko dira diktadura frankistak Txiki eta Otaegi etakideak hil zituela, eta urtemuga horren harira, olana bana jarri zituen ezker abertzaleak Zarautzen eta Azpeitian. Zarauzkoa 24 orduren buruan kendu zuen udalak, eta horrek errekazio soka ekarri du; asko izan dira gaiaz hitz egin dutenak.

Irailaren 27an 50 urte beteko dira diktadura frankistak Juan Paredes Manot Txiki zarauztar eta Angel Otaegi nuarbetar ETAko kideak zein FRAPeko beste hiru kide –Humberto Baena, Jose Lusi Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz– fusilatu zituela.

Urtemugar horren harira, ezker abertzaleak bi olana jarri ditu eskualdean: Zarauzko Santa Barbara mendian bata, eta Azpeitiko Eskuzta gaineko haitzetan, bestea. Zarauzkoak, baina, 24 ordu ere ez zituen egin jarritako tokian; izan ere, Zarauzko Udalak, "landa ingurunean" zegoela argudiatuta, kendu egin zuen olana. Inaxio Illarramendi Zarauzko Udal Gobernuko zinegotziak X sare sozialean azaldu zuen zergatik kendu zuten olana: "Udalak pankarta kendu du landa ingurune batean zegoelako. Berdin jokatuko genuke beste edozein aldarrikapenekin edo oroigarrirekin, nahiz eta horiekin bat etorri".

Ostiralean jarri zuten irudia Santa Barbara mendiaren magalean, eta larunbat goizean kendu zuten. Handik egun batzuetara, astearte iluntzean, ordea, olana berreskuratu eta Azken Portuko plazan zabaldu zuten hainbat lagunek. Ekitaldi haren ostean, Sortuk oharra kaleratu zuen, eta Zarauzko Udalari eskatu zion Txikiri eta Otaegiri aitortza instituzionala egiteko.

Halaber, Amagoia Gurrutxaga kazetari azpeitiarrak Egun bat, aurpegi bi izenburudun gutuna bidali zuen Gukaren erredakziora astelehenean. Zarauzko postalak. 36ko gerra Zarautzen eta Zarauzko gutunak liburuen egileak olana kendu izana salatu eta gogoeta plazaratu zuen.

Erreakzio soka

Hautsak harrotu ditu olana jarri eta kendu izanak; izan ere, batzuek eta besteek egin dituzte gertaeraren gaineko adierazpenak, eta haratago joanda, irakurketa politikoak ere egin dituzte alderdietako nahiz instituzioetako ordezkariek.

Txikiren anaia Diego Paredes izan da olana erretiratu izana salatu duen lagunetako bat. Hala esan du hark sare sozialetan: "Frankistek fusilatu zituzten, eta frankisten ondorengoek haien memoria ezabatu nahi dute". Joseba Permachek ere X sare soziala baliatu du Zarauzko Udalaren erabakiaren aurkako iritzia emateko. Hark esan du Txiki eta Otaegi biktimak direla –hala aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak 2012an–. "Hamahiru urte geroago, haien oroimenez jarritako oroigarria kendu dute. Berriz agerian geratu da bigarren mailako biktimak daudela gure herrian".

Halaber, EH Bilduko hainbat kidek ere idatzi dute horri buruz, Unai Urruzuko Politika Institituzionaleko arduradunak, besteren artean. Haren hitzetan, Txikiren eta Otaegiren irudiaren kontra egin dutenak dira "Manzanas torturatzaileari edota Perret mertzenarioari ohorezkoa lekua" eman diotenak, "biizikidetzaz ahoa betetzen" zaienek. "Sentitzen dugu, baina guztiok dugu nor gogoratu erabakitzeko eskubidea".

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere izan du gaia hizpide, Imanol Lasa EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko kideari erantzunez. "PPk edo Voxek frankismoaren azken fusilatuen memoria –eta, ondorioz, erresistentzia antifaxista bera– kriminalizatzea aurreikusgarria da. Tristeena –eta etsigarriena– diskurtso hori bera abertzale baten ahotan entzutea da".

Hain zuzen ere, Lasak X sare sozialean Rodriguezi erantzun dio Txikik eta frankismoaren biktimen errespetua merezi dutela esanez, baina hark ezker abertzaleari Zarauzko pankartaren auzia "manipulatzea" egotzi dio. "Santa Barbara gehiegitan erabili du ezker abertzaleak ETAko presoen aldeko pankartak jartzeko, eta hala, biktimei min egin. Debekatutako zerbait, ezabatzea asko kostatu zena". Hark, gainera, Sorturi leporatu dio biktimak eta biktimarioak nahiz frankismoa eta demokrazia nahastu nahi izatea, "herri honek sufritutako biolentzia zuritzeko" xedez.

Hitza hartzen azkena Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonso izan da. Haren hitzetan, "gauza bat da frankismoaren biktima direla aitortzea, eta bestea da omenaldia egitea". Izan ere, hark dioenez, "biolentzia, beldurra eta terrorea" erabili zituzten Txikik eta Otaegik.

Biktima gisa aitortuak

Francoren erregimenak 1975eko irailaren 27an fusitalu zituen Txiki eta Otaegi, Cerdanyola de Vallesen (Bartzelona) eta Burgosen, hurrenez hurren. Handik 37 urtera, 2012an, Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak biktima gisa aitortu zituen biak ala biak, ez zutelako epaiketa justu bat izan. Indarkeria politikoaren biktima aitortu berritan, Urola Kostako Hitza egunkarian elkarrizketa egin zieten bi biktimen senideei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide