Irailaren 27an 50 urte beteko dira diktadura frankistak Juan Paredes Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi nuarbetarra ETAko kideak fusilatu zituenetik. Urtemuga horri lotuta eta haiek gogoan, Azpeitian eta Zarautzen olana bana jarri dituzte ezker abertzaleko hainbat ekintzailek. Zarauzkoa, ordea, EAJk eta PSE-EEk gobernatutako udalak 24 ordu bete aurretik kendu egin zuen. Gai horrek azken egunetan zeresana eman du, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak Europa Press berri agentziari egindako adierazpenetan, gogorarazi du Txiki eta Otaegi Eusko Jaurlaritzak 2012. urtean ofizialki aitortutako bi biktima direla, eta "errespetua" eskatu du biktima guztientzat.
Biktimak "ez instrumentalizatzeko" eta haiek "enfrentamendu politikorako ez erabiltzeko" ere galdegin du Urkulluk. Halaber, lehendakari ohiak adierazi du "gai oso delikatua" dela eta bere agintaldian "ahalik eta sentikortasun handienarekin" tratatu zutela.
"Euskadiko elkarbizitza politikoan eta sozialean" aurrera egiteko, giza eskubideen urraketen biktima izan direnei "errespetua" eskatu du. Horri lotuta, biktima izaerari eragin diezaieketen edota zalantzan jar dezaketen adierazpenak saihestu behar direla esan du, hala nola Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendariak aurreko astean egindako adierazpenei lotuta. Alonsok esan zuen, Txikik eta Otaegik frankismoaren "erreminta berberak" erabiltzen zituztela. Adierazpen horiek "oso kezkagarritzat eta larritzat" jo zituen EH Bilduk eta "gogoeta sakona" egiteko eskatu zion Alonsori.
Oraindik ere "ertz asko" dituen kontua dela esan du Urkulluk, eta ikuspuntu desberdinetatik egindako interpretazioek "ahalik eta zorroztasun handiena" izan behar dutela azpimarratu du.
Amagoia Gurrutxaga kazetari eta Zarauzko postalak. 36ko gerra Zarautzen eta Zarauzko gutunak liburuen egileak gutuna ere igorri zuen Gukara, Egun bat, bi aurpegi izenburu hartuta.