Udako atsedenaldia amaituta, datorren astean berrabiaraziko dituzte Azpeitiko pentsiodunek asteleheneroko elkarretaratzeak. Ohi bezala, astelehenero elkartuko dira plazan, 12:00etan, beren eskaerak eta aldarrikapenak plazaratzera. Maiatzean Eusko Legebiltzarrera eramandako herri ekinaldi legegilea tramiterako onar dezatela izango da eskaera garrantzitsuenetako bat ikasturte berriaren hasieran.
Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Azpeitiko jubilatuen eta pentsiodunen plataforma Herri Ekimen Legegilerako (HEL) sinadurak biltzen aritu zen herrian, eta 1.192 pertsonaren babesa lortu zuen. Euskal Herrian, orotara, 145.142 lagunek sinatu zuten pentsio txikiei osagarria emateko eskaria. Sinadura horiek guztiak Eusko Legebiltzarrera eraman zituzten, maiatzean, baina EAEko gobernuak erantzun zain jarraitzen dute gaur gaurkoz.
Herri Ekimen Legegilearen bitartez, Euskal Herriko jubilatuek Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzea lortu nahi dute pentsiodunek, hau da, gutxieneko pentsioa 1.184 eurora igotzea.