Palestinaren aldeko elkarretaratzean haurrek eta haien gurasoek ere izango dute tokia

Aitziber Arzallus 2025ko ira. 10a, 16:12

Abuztuaren bukaeran Palestinari elkartasuna adierazteko egin zuten elkarretaratzea. (Ihintza Elustondo)

Elkar-ekinek jakinarazi du, aurrerantzean, Sanjuandegiko biribilgunean egiten dituzten elkarretaratzeetan, haurrentzat eta haien gurasoentzat lekua egokituko dutela espaloian. Ostiralean 18:30ean egingo dute hurrengo bilkura, Genozidioa gelditu, Israeli boikota lelopean.

Elkar-ekinek egindako deiari erantzunez, azken hilabeteotan hainbat alditan elkarretaratu dira herritarrak Genozidioa gelditu, Israeli boikota lelopean. Sanjuandegiko biribilgunean egin dituzte bilkura horiek, biribilgunea inguratuz, baina formatua denentzat egokiena ez dela ohartuta, aldaketak iragarri dituzte antolatzaileek. "Hainbat herritarrek adierazi izan digute formatua ez dela haurrak egoteko egokia, eta ondorioz horien gurasoek ere ezin izaten dutela bertaratu". Hori horrela, elkarteak jakinarazi du aurrerantzean espaloian espazio bat egokituko dutela gurasoentzat eta haurrentzat. 

Elkar-ekinek gogora ekarri du Gazako haurren %2 hil egin dituela Israelek; "genozidio hau hasi zenetik, orduero ume bat", hain justu. "Palestinarrekin gaude, eta beste behin kalean erakutsiko diegu gure elkartasuna". Ostiralean bertan izango da horretarako aukera, 18:30ean, Sanjuandegiko biribilgunean. Mobilizazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide