Jose Angel Ligeroren kartelak iragarriko ditu 43. Euskal Antzerki Topaketak

Julene Frantzesena 2025ko ira. 16a, 16:31

Jose Angel Ligero kartela eskuetan duela, Soreasuko pasabidean. (Leire LarraƱaga)

Azaroan izango da topaketen 43. aldia, eta errioxarrak sortutako irudiak iragarriko ditu horiek. Aurtengoan bederatzi lan aurkeztu dituzte herritarrek lehiaketara. Ligero "gustura" lehiaketa irabazi duelako. 900 euroko diru saria eskuratu du hark. Azpeitiko Udalak urriaren 14an aurkeztuko ditu topaketak.

Jose Angel Ligero errioxarrak irabazi du Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa, eta ondorioz, hark sortutako irudiak iragarriko ditu azaroan izango diren 43. topaketetako hitzorduak. Ligero "gustura" agertu da lehiaketa irabazita, eta 900 euroko diru saria jasoko du Azpeitiko Udalaren eskutik. Hark esan duenez, gainera, aurretik ere aurkeztu izan ditu lanak lehiaketaren edizioren batera edo bestera.

Kartel irabazlearen egilearen hitzetan, "antzerkiaren ohiko elementuak eta antzerkiak islatu ditzakeen emozioak" bildu ditu kartelean. Irudia osatzerakoan horrekin jolastu duela esan du: "Begiratu batera, Euskal Herriko koloreak ikusten dira, euskara hutsean egindako topaketak direlako. Pailazoaren sudurra ere hor dago, alde komikoari eta umoreari lotuta. Galdera ikur bat ere ikus daiteke, eta hori sorpresaz gain, beste edozein emozio izan daiteke". Pertxa bat ere jarri du kartelean Ligerok, eta horren gaineko azalpenak eman ditu: "Kamisetak irribarrea irudikatzen du. Aktoreak ez dira geldirik egoten, alde batetik bestera ibiltzen dira etengabe, eta aldi berean, etengabe aldatzen dira oholtzan arropaz".

Leire Sarasua, Mikel Odriozola eta Hegoa Larzabal zinegotziek, Mikel Sanjuan eta Miriam Kintana Arte eta Diseinu ikastegiko irakasleek, Enok Sudupe Kulturaz kooperatibako kideak eta Leire Larrañaga UKTko kideak osatu dute aurtengo lehiaketaren epaimahaia.

Gainera, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusgai jarri zituzten ekainean Betharrametako aretoan. Herritarrek bederatzi lanak bertatik bertara ikusteko parada izan zuten.

Aurkezpena, urriaren erdian

Hilabete eta erdi inguru falta da 43. Euskal Antzerki Topaketak hasteko. Data gerturatzen ari denaren erakusle da, esaterako, udalak kartel lehiaketaren irabazlearen berri ematea. Gainera, erakundeak aurreratu duenez, aurtengo edizioaren aurkezpena urriaren 14an egingo dute, eta orduan azalduko dituzte topaketen inguruko xehetasun guztiak.

Udalak jakinarazi duenez, gainera, egun horretatik aurrera jarriko dituzte salgai aurtengo topaketetako hitzorduetarako sarrerak, antzerkitopaketak.eus webgunean, eta orduan zabalduko dute txotxongilo tailerrean izena emateko epea ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide