Herenegun, irailaren 18an, bete ziren hamar urte Elkar-ekinek Elkargunearen ateak ireki zituenetik. Soreasuko kulturgunearen eraikinetako batean dagoen bigarren eskuko denda eta horren bueltan garatzen joan den proiektu zabalagoa "ahalegin kolektibo" bati esker iritsi dira lehen hamarkada betetzera, eta aurrera jarraitzeko indarrarekin, gainera.
Aurrera begirakoari ekin aurretik, baina, egindakoa ospatzeko eta bidean lagun izan dituzten herritar guztiei esker ona adierazteko tartea hartu nahi izan du Elkar-ekinek. Horrela, atzo arratsaldean dozenaka lagun elkartu ziren Soreasuko plazan, Elkargunearen eta Arropagunearen atzean, hain zuzen, Elkar-ekinek gonbidatuta, ekitaldi xume batekin eta mokadu goxoen bueltan hamargarren urteurren hori ospatzeko. Elkargunearen sorreran ibilitakoek, ordutik gaur arte proiektuan jarraitzen dutenek zein azkenaldian batutakoek egin zuten bat ospakizunean, era batera edo bestera beren ekafrpena egin duten beste herritar askorekin batera.