Jarri du udalak alanbrezko heldulekua Xoxotera bidean

Mailo Oiarzabal 2025eko irailaren 24a

Alanbrezko heldulekua, eskuinean, luiziak estututako pasabidean. (Azpeitiko Udala)

Duela aste batzuk izandako luizia garbitzen eta pasabidea atontzen ari dela azaldu zuen atzo erakundeak, eta orduan aurreratu bezala, jarri du dagoeneko pasabidea errazteko heldulekua. 

Azpeititik Xoxoterako bidean duela aste batzuk izandako luiziaren eta horrek eragindako kalteen berri eman zuen herritar batek Gukan. Atzo, berriz, luizia izandako gunea txukuntzen eta zabaltzeko ahaleginean ari zela jakinarazi zuen udalak.

Luiziaren ondorioz tarte horretan ibiltzea arriskutsuago bihurtu denez, kontuz ibiltzeko ohartarazi zien herritarrei erakundeak atzoko oharrean eta, era berean, kaltetutako gunean mendizaleak errazago eta seguruago ibiltzeko alanbrezko helduleku bat jartzekoa zela aurreratu zuen. Gaur bertan jarri dute helduleku hori, udalak bidalitako argazkian ikusten den gisan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide