Goizean, Ikasle Abertzaleek deituta, ikasleak izan dira Palestinari elkartasuna adierazteko herriko plaza eta Alde Zaharra hartu dituztenak, eta arratsaldean, gainontzeko herritarrak. Bart Israelek Gazara heltzear zen Global Sumud flotilla atzeman ostean, Palestinari Elkartasuna plataformak gaur arratsaldean Euskal Herriko plaza edota udaletxe aurre guztietan elkarretaratzera deitu ditu herritarrak, eta haren deiari erantzunez, dozenaka izan dira hitzordura bertaratu diren herritarrak.
Gazara laguntza humanitarioa eramateko eta hara korridore humanitarioa irekitzeko asmoz ontzietan zihoazen 200 bat ekintzaile atxilotu dituzte Israelgo militarrek Euskal Herrian gauerdia zenean. Guztira, 530 ekintzaile zeuden flotillan –tartean lau euskal herritar–.
Azpeitian, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak eta Elkar-ekinek ere bat egin dute herri plataformaren deialdiarekin. Besteak beste, Gazako setioa bukatzeko eta Israel desegiteko eskatu dituzte plazan bildutakoek. Horrez gain, urriaren 4an, Iruñean (Nafarroa), Palestinarekin Elkartasuna plataformak Palestinarekiko elkartasunez deitu duen mobilizazioan parte hartzera dei egin dute.
Hori ez da izango Palestinarekin elkartasunez datozen egunetarako antolatutako mobilizazio bakarra. Bihar, ostirala, Elkar-ekinek deituta, elkarretaratzea egingo dute, 18:30ean, Sanjuandegiko biribilgunean. Urriaren 15erako, berriz, "lanuzte orokorra" deitu dute Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk –LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru–. ELAk bere kasa egin du mobilizaziorako deia, egun berbererako.
(Argazkiak: Ihintza Elustondo)
Gure haurrak ere badira
Bestalde, Gure haurrak ere badira egitasmoaren baitan, Izarraizpe Ikastola Publikoko langileek Artzubiko biribilgunean elkarretaratzea egin dute gaur Palestinari elkartasuna azalduz.
Azpeitiko Ikastola Ikasberriko hezkuntza komunitateak ere elkartasuna adierazi dio Palestinari, ikastolako atarian elkarretaratzea eginda. "Gazan bizitzen ari diren egoera larria salatu eta genozidioaren aurrean isilik ez gelditzeko asmoz, elkartasun adierazpena egin dugu gaur ikastolan. Ekimenaren bidez, haur palestinarren eskubideak aldarrikatu eta bakea, duintasuna eta justizia eskatu ditugu. Ikastolak ozen adierazi du: 'Gure haurrak ere badira, Palestinako haurrak ere gureak baitira'".