Attitteren banderak bilduta

Mailo Oiarzabal 2025ko urr. 3a, 09:29

Keixetaren bilobak Keixeta baserriko atarian, joan den asteartean, attittek irabazitako bandera gordetzen duen koadroarekin (Mailo Oiarzabal)

Keixeta aizkolariak bere ibilbideko garaikur handienetakoa lortu zuela ehun urte beteko dira etzi. Haren ondorengoek ospakizun berezia antolatu dute egun horretarako.

"Irakurri al duzu Luisek [Gurrutxaga] Gukan idatzi duena?". Joxe Aranburu Keixeta-ren (Aratzerreka, 1881-Urrestilla, 1962) birbiloba batek beste bati duela hilabete batzuk egindako galdera horrekin hasi zen dena. Gurrutxagak, Azpeitia Guka aldizkariko kolaboratzaileak, joan den otsaileko zenbakirako idatzi zuen Garaikur baten historia artikuluan idatzitakoaren haritik tiraka hazten eta osatzen joan da Keixetaren birbilobek hasi eta bilobek gogo onez hartu duten asmoa, eta igande honetan, urriaren 5ean, borobilduko dute. Keixetaren askaziko hiru belaunalditako 50 lagun elkartuko dira etzi mahaiaren bueltan, biloba, birbiloba eta hereniloba, Azpeitiko Loiola hotelean, data seinalatuan, Gurrutxagak gogora ekarritako pasartea oso gogoan dutela.

Herri kirolen historiako izen handien artean handienetakoa da Keixetarena. Harri jasotzen egokia, korrikalari bikaina eta, bereziki, aizkolari handia izan zen. Aratzerrekako Olaberri baserriko semea, Urrestillako Antxieta baserrietako bat 'bataiatu' zuen berak aitarengandik jasotako ezizenarekin, Keixeta; han bizi izan zen Nikolasa Albizurekin ezkondu ondorengo urte gehienetan, han hazi zuten familia, eta han bizi zela osatu zuen kirol ibilbide oparoa. Kirolari berantiarra izan zela esan daiteke, izan ere, Keixeta. 31 urte bete zituen urtean jokatu zuen lehen apustua, 1912an, aizkoran, Beizamako Joxe Mari Irizar Hiyoya-ren kontra. Baina 1925era bitartean ez zuen beste apusturik jokatuko. 44 urte bete zituen urte horretan hasi eta 1931ra arte, 50 urterekin plazak utzi zituen bitartean, 31 joko egin eta guztiak irabazi zituen Keixetak: aizkoran, aizkoran eta korrika, buruz buru zein bikoteen kontra eta, beti edo ia beti, bera baino askoz gazteagoen aurka. Eta zerrenda luzeko azkenak, gainera, 1927an laneko istripu batean ezker eskuko hiru hatz moztu ondoren.

Keixetaren biloba Jose Mari Aranburuk azaldu bezala, jokatutako apustu guztiak irabazitakoak hiru besterik ez dira izan gaurdaino herri kirolen historian: Patxi Astibia Leitzako (Nafarroa) aizkolaria –Keixetak jokatutako apustu kopuruaren laurdena-edo jokatuta– eta Agustin Ostolaza Arroagoiko harri jasotzailea.

"Ez zait ahaztuko"

Imanol Eliasek Azpeitia 500... Azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak liburuan jasotakoaren arabera, 1925a izan zen Keixetaren ibilbidean urterik oparoena. Gutxienez zortzi joko egin zituen duela ehun urte, eta garaiko aizkolari onenak elkartu zituen txapelketan ere aritu zen. 1925eko urriaren 5ean, Oñatin (Gipuzkoa), hango San Migel jaien barruan jokatu zuten lehia hura; gerora, Francoren diktaduraren urteetan jokatzen hasiko ziren Espainiako txapelketen aurrekari ofiziosotzat har daitekeena.

Egun hartakoa da Keixetaren argazki ikonikoena: aizkora ezker sorbaldaren gainean, enbor gainean zutik, abarketa zuriekin eta txapela buruan duela ageri da irudian. Eta egun hartan jaso zuen garaikurrak gerora eman zizkion buruko minak daude, hain zuzen ere, mende bete ondoren Keixetaren oinordekoak elkartuko dituen bilkuraren oinarrian.

Hango moja batzuek brodatutako bandera handiarekin –1,40 x 1,00 metrokoa, Gurrutxagak Azpeitia Gukan jasotakoaren arabera– itzuli zen Oñatitik etxera Keixeta duela ehun urte. San Andres bandera irudikatzen zuen oihalak, X gorria atzealde zuriaren gainean zuela: aurretik begiratuta, eskuinean, aizkolari baten irudia aurrean enborrak dituela; eta Bandera de honor, año 1925, Concurso de Aizkolaris Oñate leloak goian, behean eta ezkerrean. Eta ezkerreko goiko izkinan, Espainiako bandera. Azken hori agerian zuela ezagutu zuten aurrena aizkolariaren bilobek oraindik ere Keixeta baserrian koadro baten barruan gordetzen duten bandera preziatua. Gerora, ikurrinaren koloreekin bai, baina ikurrinarik gabe –marra zuri, gorri eta berde horizontalekin– estaliarazi zuen attittek piperpotoa; horrela izan dute oraintsu arte. Baina aurretik, 1936ko gerraren bueltan, Keixetak, "euskaldun nazionalista petoa" –Gurrutxagaren hitzetan–, Espainiako bandera estalita izan zuen... estalkia kenduarazi zioten arte.

Gerrako urteetan eta gerra ondorengoetan, baserritarrak derrigortuta zeuden beren uztaren zati on bat agintarien esku uztera. Agindu hori bete ez zuelako, batzuen arabera; edo nazionalista aldekoek baserrian bilkura izan eta bakarren batek salatu zuelako, beste batzuen arabera. Dena dela, miaketa pairatu zuten Keixeta baserrian, haren ondoren Oñatiko garaikurreko Espainiako bandera berriro agerian utzi behar izan zuten, eta isun potoloa ordaindu ere bai, Azpeitiko udalean. Isuna ordaindu eta udaletxetik alde egitera zihoala, ordainagiria eskaini zion idazkariak, eta honela esan zion Keixetak: «Ez, ez dut agiririk behar. Hau ez zait ahaztuko». Kirolean ez ezik, hizketan ere ez zen herrena.

Birbilobek, ikurrina

Keixetari oroitzapen gozoak zein garratzak ekartzen zizkion banderaren mendeurrena ospatzeko, ikurrina ezarri diote behingoz oihal zahar preziatuari hasieran Espainiako bandera zuen lekuan.

Birbiloben ekimena izan da, birraitonak pozik hartuko zuelakoan. Bazkarira joaten direnek han ikusiko dute bandera.

Agiñetak bai, Keixetak zergatik ez?

Attitteren banderaren bueltan elkartuko dira igandean keixetatarrak, baina Keixetaren bilobetako 11 joan den asteartean ere elkartu ziren Urrestillan, Keixeta baserriaren atarian ikurrina josi berri dioten banderarekin erreportaje honetarako argazkia ateratzeko eta azalpenak emateko, baita attitteren pasarteak eta harekin bizitako uneak gogora ekartzeko ere.

Birbiloben ekimenez ospatuko duten juntadizorako gogotsu daude Keixetaren oinordekoak. Eta, Keixeta nor eta zer izan zen berritzen hasita, astearteko bilkuratxoan beste nahi edo ilusio bat ere jarri zuten mahai gainean: Urrestillan aizkolari zenaren omenezko oroitarri bat jartzea, "Agiñetak [Jeronimo Iturbe, Keixetaren sasoiko aizkolaria] Aginagan badu irudi bat eta, zergatik ez Keixetak?".

Keixeta eta Igartza, zezen plazan

Igandeko juntadizoari begira birraitonaren inguruko materiala inguratzen aritu dira Keixetaren birbilobak, eta altxor politak eskuratu dituzte.

Horietako bat da Euskadiko Filmategiaren artxiboan gordeta duten bideo hau: Keixetak eta Inazio Iriarte Igartza-k 1928ko abenduaren 16an Azpeitiko zezen plazan jokatu zuten apustua dago jasota irudiotan. 45 ontzako zortzi enbor ebaki eta korrika beste zortzi kilometro egin behar izan zituzten kirolariek egun hartan, zezen plazan elkartu ziren hiru mila bat ikusleen aurrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide