Gaur eguerdian plazan eta Perez Arregi plazatxoan zeuden herritarretako asko, ume zein heldu, aho zabalik utzi dituzte mahaira hurbildu zaizkien magoek. Dozena erdi bat mago ibili dira mahaiz mahai, kartak, txanponak, pilotatxoak eta bestelako objektuak esku artean zituztela herritarren aurrean trikimailuak egiten, eta haien harridura aurpegiak, barreak eta txaloak jaso dituzte bueltan.
Txisteratik asteburu magikoa ospatzen ari dira Azpeitian atzotik, eta egitarauaren parte izan da eguerdikoa. Atzo arratsaldean, Dinamoan egin zuten gertuko magiaren galarekin ekin zioten asteburuari, eta gaur arratsaldean Soreasu antzokian egingo dute gala nagusiarekin bukatuko dute.
Gala nagusia 19:00etan hasiko da eta aurtengoan, Joshua Kenneth, Enzzo, Julen Magoa, Tor eta Txoborro magoak igoko dira oholtzara. Aurkezle lanetan, berriz, Iagomago ariko da. Haien emanaldiaz gain, kalean magia egiten aritu diren magoetatik onenak sarituko dituzte, lehiaketa izan baita gaur eguerdikoa. Gala nagusirako sarrerak 10 euro balio ditu eta salgai daude Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean.