Beti baiezkoa. Beti pixka bat gehiago egiteko prest. Beti besteek ikusten zutena baino pauso bat gehiago ikusiz. Halakoa izan haiz, Xabier. Prestua eta erraza. Kontzientzia handikoa eta konstantea; oso konstantea. Erraza lanerako, erraza lagunarterako eta erraza maitatzeko. Ahaztu, ordea, ez haugu horren erraz ahaztuko.
Zenbat ordu pasatu ote dituan herri honen alde lanean. Ezin dituk zenbatu. Beti sinetsi izan duk herri honen gaitasunean. Eta hire lanagatik, besteak beste, duk gaur egun Azpeitia euskal kulturaren erreferente. Azken urteetan kulturgintzan giltzarri izan diren proiektu guzti-guztietan zegok hire talentua eta grazia. Lehen lerroan egon haiz beti lanerako, baina bigarren eta hirugarren lerrora mugitu izan haiz txaloak jasotzerakoan. Hain zuzen, herriari, kolektiboari, eman dioalako protagonismoa beti.
Ez dituk alferrik izan bilera guztiak, zenbat gau zenbaki artean itota, zenbat kafe eta garagardo, ordu txikiak arte lanean, etenik gabe. Lan ikusezinak askotan, atzeko lana, inurri lana. Apustu anbiziotsuei heldu aurreko uneak; zerbait handia egiteko zorian egotearen zirrara. Ilusio-besarkadak; eta purrustadak ere bai. Garai onetan eta txarragoetan beti leial, eta edonori laguntzeko prest. Kulturaz kooperatiba, Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia, Dinamoa sormen gunea. Hitz handiak dituk horiek, ezta? Baina hitz handi horiek gertuko eta herrikoi bihurtu dituk. Heu izan haizen bezalaxe, gaitasun eta karisma handiko pertsona; baina erraza, umila.
Esker hitzak soilik dizkiagu hiretzat, Xabier. Prestutasuna, diziplina, gizatasuna, militantzia. Horixe haiz hi. Hori dena, eta maitasuna. Ez zegok ezbairik, horrelaxe uste baitiagu hi ezagutu eta hirekin lan egiteko zortea izan dugunok. Lerro hauek gure izenean bazaudek ere, jakinarazi nahi diagu herri oso baten hitzak direla. Horrelaxe sentitzen haute hirekin egotea suertatu zaien udal ordezkari eta langile guztiek, kultur mugimenduko kideek eta modu batera edo bestera hirekin denbora elkarbanatu dutenek.
Mila esker eginiko guztiagatik. Ezin diagu gehiago esan. Hire bideari segituko zioagu. Kulturaren herria loratzen jarraituko diagu.
Besarkada handi bat familiari, zuekin gaude.