Atzo, urriak 5, bete ziren ehun urte Joxe Aranburu Keixeta-k Oñatin (Gipuzkoa) aizkolarien Espainiako txapelketa ofiziosoa irabazi zuenetik. Keixetaren kirol ibilbide loriatsuko garaipen handienetakoa izan zen hura eta, horrez gain, orduan garaikur gisa jaso zuen banderak ere zeresana eman du behin baino gehiagotan.
Mendeurrenean, attitteren banderaren bueltan elkartu ziren atzo Keixetaren ondorengoak; biloba, birloba eta hereniloba, 50 bat lagun. Espainiako banderaren tokian ikurrina jarri berri dioten oihala koadroan sartuta dute, eta koadro hori Urrestillako Antxieta soziedadeko balkoian jarri zuten goizean. Aurretik zein ondoren suziriak airera botata, Urrestillako parrokian meza eta jarraian jubilatuen lokalean hamaiketakoa eginda, banderaren koadroa hartu eta Loiola hotelera joan ziren keixetatarrak.
Han zain zituzten bazkaria eta beste zenbait sorpresa. Atzoko juntadizorako prestatu zituzten zapiak lepoan jarrita, taldeko argazki hau atera zuten Keixetaren oinordekoek.