Garaipenarekin hasi dute liga Iraurgiren gizonek

Mailo Oiarzabal 2025ko urr. 6a, 11:49

Biele ISBko jokalariak garaipena zaleei eskaintzen, atzo arratsaldean Azpeitiko kiroldegian.

Espainiako Kopako porrota kitatuz, Biele ISBk 76-72 gainditu zuen atzo Logrobasket Azpeitiko kiroldegian. Domusa Teknik ISBk, berriz, bitik bi irabazi ditu LF Challengen: Unibasket 55-67 hartu zuen mendean herenegun Logroñon.

Etxekoei lehen garaipena eskainiz estreinatu du Bigarren FEB ligaren 2025-2026 denboraldia Biele ISBk. Bigarren igandez jarraian hartu zuen atzo Iñigo Nuñezen taldeak Logrobasket Azpeitiko kiroldegian, eta lehen aldian ez bezala, mendean hartu zuen Errioxako taldea. Aurreko astean, Espainiako Kopatik kanpratu zuen Logrobasketek Iraurgi, 64-75 irabazita. Atzo, ordea, Biele ISBk porrot horren arantza kentzea lortu zuen, ligako lehen jardunaldian 76-72 irabazita.

Atsedenaldiaren aurretik jarri zituen garaipenaren zimenduak Iraurgi Saskibaloiaren gizonen talde nagusiak. Lehen laurdena berdinduta bukatu zuten bi taldeek (15-15), baina bigarrenean hamar puntuko tartea ireki zuten etxekoek markagailuan (21-11). Alde horri beste puntu bat gehitu zioten atsedenalditik bueltan (17-16)  eta garaipenari eutsi zioten azken laurdenean, baina nahi baino gehiago sufrituta, Logrobasketek majo estutu baitzituen Iraurgikoak azken txanpan (23-30).

Datorren zapatuan Andaluzian jokatuko du Biele ISBk ligako bigarren jardunaldiko partida, Moron taldearen kantxan.

Etxetik kanpo ere nagusi

Dotore ekin zion Domusa Teknik ISBk LF Challenge ligari joan den asteburuan, eta bide beretik jarraitu du bigarren jardunaldian. Iraurgiko gizonek Logroñoko taldea hartu zuten etxean atzo, eta emakumeek, berriz, Logroñon jokatu zuten herenegun: 55-67 hartu zuen mendean Unibasket Luis Agirre Katxi-ren taldeak.

Ezin hobeto ekin zion neurketari Domusa ISBk, eta hasiera bikainari esker lortutako errenta kudeatu zuen gero. 10-22 emaitzarekin bukatu zen lehen laurdena, eta hortik aurrera etxekoen ahaleginak kontrolpean mantentzea lortu zuten Iraurgikoek: 14-14, 16-17 eta 15-14 izan ziren beste hiru laurdenen emaitzak.

Datorren zapatuan Azkoitiko kiroldegian jokatuko du Domusa Teknik ISBk. Unicaja Mijas taldea hartuko du, Iraurgik bezala lehen bi jardunaldietan irabazle izan dena, ligako hirugarren jardunaldian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide