Azpeitiko EAJk Palestinako eta Ukrainako bandera eskegi zituen duela egun batzuk Batzokiaren etxaurrean, eta Gaztetxeko kideek Palestinakoa ebatsi eta plazako kioskoan jarri dute gauean. Sare sozialetan eskegitako bideo baten bidez eman du Gaztetxeak ekintzaren berri, eta salatu du bandera hori "interes partidistetarako eta aurpegi zuriketarako" jarri duela EAJk.
Gaztetxearen arabera, Eusko Jaurlaritzak azken urteetan Israelekin "era guztietako" harremanak izan ditu, hala nola harreman komertzialak, diplomatikoak eta segurtasunarekin lotutakoak. "Horri gehitu behar zaizkio azken asteetan La Vueltako [Espainiako Vuelta] manifestarien aurka egindako deklarazioak, horien aurkako ikerketa abiatu izana, eta CAFi emandako babesa, Nazio Batuen Erakundeak enpresa hori genozidiotik etekina ateratzen duen enpresen zerrendan sartu ostean", adierazi du Gaztetxeak.
Horregatik guztiagatik, EAJ Israel Palestinan gauzatzen ari den genozidioaren "konplize" dela salatu du Azpeitiko Gaztetxeak. "Elkartasuna eskaintzeak ekintza konkretuak gauzatzea eskatzen du, hala nola Israelekin harreman guztiak haustea", gaineratu du.
Halaber, GKSk palestinar erresistentziaren alde eta Israelen eta haren konplizeen kontra ostiralerako antolatutako egitarauko ekintzetan parte hartzeko deia egin du Gaztetxeak.