Euskara Mahaiaren ekimenez sortutako esketxen bigarren sortako lehen bideoa kaleratu du Azpeitiko Udalak gaur. Azpeitiarren hizkuntza portaeren gainean hausnartzeko eta aldaketa eragiten saiatzeko xedez ondu dituzte bideoak, eta udaberrian lau kaleratu eta udan etena egin ostean, berriro hasi dira horiek argitaratzen. Hain zuzen ere, lau bideo kaleratuko dituzte urriko asteazkenetan, gaur hasita.
Eguneroko egoeretan sortzen diren hizkuntza portaerak dituzte ardatz ikus-entzunezko laburrek. Gaur kaleratutakoak, esaterako, erdal jatorria duten hitzen ohiko erabilera du ardatz. Izan ere, herriko eragile eta norbanako hainbatek parte hartzen duten Euskara Mahaiak nahi duena da azpeitiarren hizkuntza kontzientzian eragitea.
Esketxen sorkuntzan Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala aritu dira zuzendari lanetan, eta aktore gisa jardun dute Mireia Galarzak, Ekain Ibargurenek, Alejandra Zabaletak, Gurutze Eizmendik, Iñigo Agirrek eta June Urainek, baita herriko zenbait gaztetxok ere. Arlo teknikoaz eta muntaiaz Kulturaz kooperatiba arduratu da.