Palestinako bandera Batzokitik kendu izanak "euskal gizarteak genozidioaren aurrean duen batasuna zatitzen" duela dio EAJk

Ihintza Elustondo 2025ko urr. 8a, 19:03

Azpeitiko EAJk Batzokian kokatu du berriro handik kendutako Palestinako bandera. (Mailo Oiarzabal)

Gaztetxeko kideek Palestinako bandera kendu dute gauean Batzokitik, eta EAJk "GKSri leporatu" dio "palestinar herriari kalte egitea". Ekintza hori "talde horren ezjakintasun politiko eta intolerantzia autoritario eta sektarioaren adierazpide bat" dela adierazi dute jeltzaleek, eta "erreakzio azkar bat" eskatu diote alkateari. EAJk dagoeneko jarri du berriro Batzokian bandera.  

Azpeitiko EAJk Palestinako eta Ukrainako bandera eskegi zituen duela egun batzuk Batzokiaren etxaurrean, eta Gaztetxeko kideek Palestinakoa kendu eta plazako kioskoan jarri dute gauean. Hedabide honek goizean eman du gertaeraren berri, eta Azpeitiko Uri Buru Batzarrak erantzun egin du orain, ohar bidez. EAJk "GKSri leporatu" dio "palestinar herriari kalte egitea, euskal gizarteak genozidioaren aurrean duen batasuna zatituz". 

Jeltzaleek azaldu dutenez, "Azpeitiko Batzokitik Palestinako bandera gauez eta GKSk hala erabaki duelako kendu izana beste eraso bat gehiago da, erabat gaitzesten" dutena. Ekintza hori "talde horren ezjakintasun politiko eta intolerantzia autoritario eta sektarioaren adierazpide bat" dela adierazi du EAJk, "pluraltasunaren eta adierazpen askatasunaren aurkako atentatu bat gehiago".

Azpeitiko EAJren arabera, "GKS taldeak bere gain hartu du polizia, epaile eta exekutatzaile zeregina, Palestinako herria Gazan jasaten ari den genozidioren aurka nor egon daitekeen eta nor ez erabakiz". Talde horren esanetan, "GKSri gogora ekarri behar zaio zer-nolako kontraesana den, egiten dituen funtsik gabeko akusazioen harira, orain dela lau egunera arte beren webgunea Israelgo plataforma batean kokatua egotea".

Jeltzaleek gogoratu nahi izan dute "GKSk lehenengo aldiz Palestinar herria aipatu baino eta 2023ko urriaren 7a baino askoz ere lehenago", EAJk gidatzen dituen euskal erakundeek "urte asko daramatzatela modu aktiboan laguntza ematen, bai laguntza ekonomikoen, bai lankidetza proiektuen bidez". Adibide batzuk jarri ditu EAJk: UNRWA, Nazio Batuen Erakundearen errefuxiatu palestinarrentzako agentzia eta nazioarteko beste GKE batzuk. 

"GKSri gogorarazi behar zaio EAJ buru duten euskal erakundeek, orain dela bi urtetik Euskadi kokatzen dutela Europa osoko laguntza emailerik garrantzitsuenen artean, genozidioaren aurkako posturari eta herri palestinarrari elkartasuna eta laguntza humanitarioa emateari dagokionez", erantsi du EAJk.

"Kausa beren probetxurako"

Alderdi horren arabera, gaur Gaztetxeak egindakoaren antzeko ekintzekin zera lortzen da: "Gizartea zatitzea eta masakre horrek merezi duen erantzun zibiko eta politikoa ahultzea". EAJren ustez, "GKSk, horrela jokatuz", erakusten du ez zaiola "axola Palestinar herriaren kausa kaltetzea, gizartearen erantzuna ahulduz eta gizartea zatituz". Jeltzaleen iritziz, "benetan interesatzen zaiena da kausa hori beren probetxurako erabiltzea, pseudo-politika partidario eta higuingarri bat eginez".

"Orain salatzen ari garen ekintza hau Azpeitiko askatasun eta pluraltasun politikoaren aurkako eraso larri bat da, jadanik joanak zirela uste genuen garai triste eta garratz batzuetara garamatzan bullying politiko modu bat", adierazi du EAJk. Alderdi horrek "erreakzio azkar bat" eskatu dio "alkate andreari", udalaren "aitorpen tinko eta argia, eraso hauen aurrean gaitzespen instituzionala agertuz".

Dagoeneko EAJk jarri du berriro Palestinako bandera Azpeitiko Batzokian. "Behar den adina aldiz egingo du gauza bera. Ez du onartuko bere aurkako jarrera heldutasunik gabekorik eta faxistarik", adierazi du Azpeitiko Uri Buru Batzarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide