Zozketa bidez banatuko dituzte Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probetarako dortsalak

Julene Frantzesena 2025ko urr. 10a, 09:37

Julen Calvo, aurtengo Domusa Teknik 40 MLK probaren irabazlea, helmugara iritsi berritan.

Maiatzaren 9an izango dira probak, eta azaroaren 5etik 11ra izango da proba motzean nahiz luzean izena emateko aukera. Izena ematen duten herritar guztien artean egingo du dortsalen zozketa antolakuntza taldeak; azaroaren 14an izango da zozketa, udaletxean, eta zuzenean jarraitu ahal izango da.

Datorren urteko maiatzaren 9an izango diren Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probetarako dortsalak zozketa bidez banatuko ditu antolakuntzak. Azaroaren 5ean, 18:00etan, zabalduko dute lasterketetarako aurrez izena emateko epea, eta izena ematen duten lagun guztien artean egingo dute zozketa, azaroaren 14an.

Probarako izena RockTheSport eta Kronoak webguneetan eman ahal izango da azaroaren 5eko 18:00etatik azaroaren 11ko gauerdira arte. Izena ematen duen kirolari bakoitzari ausaz zenbaki bat emango diote, eta zenbaki hori izango da zozketan parte hartzeko erabiliko dutena. 

Azaroaren 14an izango da zozketa, 18:30ean, Azpeitiko udaletxean. Proben antolatzaileek zehaztu dutenez, han izango dira udaleko ordezkariak, prozesuaren gardentasuna bermatzeko. Ekitaldia publikoa izango da, eta Youtuben emango dute zuzenean. Hiru zozketa egingo dituzte, bata bestearen atzetik: 15 MLK probarako gizonentzako 200 dortsal, 15 MLK probarako emakumeentzako 200 dortsal eta 40 MLK probarako 550 dortsal zozkatuko dituzte, orotara.

Azken urteetan, lasterketak izaten ari diren arrakasta tarteko, dortsalak minutu gutxiren buruan agortu izan dira, eta horregatik hartu du Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK proben antolakuntza taldeak dortsalak zozketa bidez banatzeko erabakia. Izen-emate prozesua "bidezkoagoa, gardenagoa eta eskuragarriagoa" izatea nahi dute, eta horregatik egingo dute dortsal banaketa zozketa bidez.

Antolatzaileen hitzetan, orain arte izen ematea gauzatu duten moduak hainbat arazo eragin dizkie antolakuntzari eta parte hartzaileei: "Batetik, izen-emate plataformek saturazio edo blokeo teknikoak jasan izan dituzte; eta bestetik, korrikalari askok ezin izan dute izena eman ordutegi zehatzetan konektatzeko aukerarik ez zutelako". Egoera horrek "berdintasun falta sentipena" eragin du taldearen aburuz, dortsala lortzea izena emateko webgunera azkar sartzearen araberakoa zelako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide