Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, urriaren 10a, eta data hori baliatu dute Azpeitiko Osamen errehabilitazio psikosozialeko zentroko erabiltzaileek, langileek eta familiek, elkar hartuta, herritarrak osasun mentalaren inguruan sentsibilizatzen ahalegintzeko.
Goizean, herriko zenbait saltokiren atarietan zein anbulatoriokoan egon dira, Hemen gaude, ez zaude bakarrik mezua herritarren artean barreiatzeko; giltzatakoak ere banatu dituzte, borondatearen truke. Eguerdian plazan elkartu dira, gaurko egunari keinu eginez udaletxeko balkoitik zintzilik jarri dituzten oihalen azpian, hain zuzen. Sanagustinen ospakizun giroan egingo duten bazkariarekin osatuko dute jardunaldia.
Baina atzotik hasiak ziren Osamenekoak gaurko eguna ospatzen, Udal Liburutegira egin zuten irteerarekin. Izan ere, liburutegiarekin elkarlanean, buruko osasunari lotutako liburuen zerrendarekin eskuorri bat osatu dute.
(Argazkiak: Guka eta utzitakoak)