Azpeitiko Izarraitz igeri elkarteak 40. urtemuga du aurten, eta klubaren orain arteko ibilbidea ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Atzo, igerilari gaztetxoen lehen Izarraitz sariketa jokatu zuten Azpeitiko igerilekuan. Izarraitzeko, Azkoitiko Zubiaurre igeriketa elkarteko eta Zumaiako Taosa igeriketa elkarteko 205 haurrek parte hartu zuten sariketan. Igerilekuko harmailak, berriz, jendez beteta egon ziren.
Atzoko sariketan kirola eta festa uztartu zituzten Izarraitz igeri elkartekoek, eta datorren larunbatean ere, urriaren 18an, halaxe egingo dute. Lagunarteko igeriketa saioekin hasiko dituzte 40. urtemuga ospatzeko ekitaldiak igerilekuan, eta gero handik plazara joango dira trikitilariek lagunduta. Alde Zaharrean poteoa egin ostean, Azoka Plazan bazkalduko dute. Segidan haurrentzako magia ikuskizuna izango dute eta gero elektrotxaranga.
Urriak 18, larunbata
- 10:00. Txapelezketa igeriketa saioa, igerilekuan.
- 12:30. Trikitilariekin kalejira, igerilekutik irten eta plazara.
- 14:30. Bazkaria, Azoka Plazan.
- 16:00. Iagomagoren magia ikuskizuna haurrentzat.
- 19:00. Elektrotxaranga.