Euskarazko antzerki jasak argituko du berriro azaroa

Mailo Oiarzabal 2025ko urr. 14a, 17:49

Gaurko aurkezpenearen protagonistak, Soreasuko plazan. Goian, kartelari eusten, EƱaut Gorbea eta Leire Sarasua. Behean, Xanti Agirrezabala, Nagore Alkorta, Garazi Lazkano eta Erika Olaizola. (M. Oiarzabal)

Hamahiru antzezlanekin eta zenbait berrikuntzarekin osatu dituzte 43. Euskal Antzerki Topaketak udalak eta Kulturaz kooperatibak. Urriaren 31n hasi eta azaroaren 23an bukatuko dira.

Zuhaitzak hostoz biluzten diren bitartean, antzerkiz jantziko da aurten ere Azpeitia. 43. aldiz egingo dituzte Euskal Antzerki Topaketak. Euskarazko antzerkigintza eta euskara bera sustatzeko "ezinbesteko" hitzordu bihurtuko da beste behin herria udazkenean, Nagore Alkorta alkateak nabarmendu bezala, "euskara hutsean egiten diren antzerki topaketa bakarren" bueltan.

Urriaren 31n hasi eta azaroaren 23an bukatuko dira, hain zuzen, aurtengo topaketak, eta gaur aurkeztu dituzte edizio berriaren xehetasunak. Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak antolatu dute aurtengoa ere, eta alkatearekin batera, Leire Sarasua Kultura batzordeburuak eta Garazi Lazkano Kulturazeko kideak aurkeztu dituzte 43. Euskal Antzerki Topaketak, jaialdian parte hartuko duten Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala aktore azpeitiarrekin, eta aurtengo berrikuntzetako bat ekarriko duen Zurrunka Teatroko Eñaut Gorbearekin. Izan ere, Zurrunkakoek beteko dute aurten –eta ez Tolosako Topic-ek, iaz horrela aurreratu arren– Corrado Massacik eta haren txotxongiloek Azpeitiko topaketetan utzitako hutsunea.

Hamahiru, eta gehiago

Hamahiru antzezlanek osatuko dute talde profesionalen zein amateurren eskaintza 43. Euskal Antzerki Topaketetan. Horien artean daude osorik edo partzialki Azpeitian bertan, Kulturazek Dinamon eskaintzen dituen sormen egonaldietan, ondutako hiru lan. Lazkanok aurkezpenean nabarmendu duenez, "urte osoko lanketa plazaratzeko aukera ederra" dira, alde horretatik, Euskal Antzerki Topaketak. Alkortak ere goraipatu nahi izan du "Dinamoan urte osoan antzerkia sustatzeko egiten den lana", lanketa hori eta topaketak kate bereko katebegi gisa irudikatuz.

Axut!-ek eta Artedramak topaketak irekitzeko bitan emango duten Nor naizen baneki da Dinamoan forma hartu duen antzezlan horietako bat; ikasleentzat emango dute aurrena, solasaldi eta guzti, urriaren 31n, eta publiko osoarentzat azaroaren 1ean, biak Soreasu antzokian. Infinitu Drama taldeak azaroaren 20an Dinamoa sormen gunean aurkeztuko duen Adarbakarra ere Dinamoan bertan egindako egonaldian landutakoa da, eta 43. Euskal Antzerki Topaketak itxiko dituen Kaka ere bai. Duela urte eta erdi AEK-Korrikaren II. Kultur Sorkuntza Beka irabazi zuten Olaizolak eta Agirrezabalak Kaka proiektuarekin; azaroaren 19an estreinatuko dute Donostian, eta lau egun ondoren, hilaren 23an, Soreasun emango dute. Bi azpeitiarren bigarren agerraldia izango da azken eguneko hori aurtengo topaketetan, azaroaren 2an Renata antzeztuko baitute, Kamikaz Kolektiboarekin. Bien tartean, gainera, Kaka-ren gainean solasaldia izango dute bi aktoreek Udal Euskaltegian, hango ikasleekin, azaroaren 20an.

Soreasu antzokian taularatuko dituzte aurten ere antzezlan gehienak –zortzi–, Dinamoan hiru emango dituzte –denak ostegunez–, eta Sanagustin kulturgunean eta plazan, bana. Baina, egitan, hamahiru gehi hamabi dira datozen Euskal Antzerki Topaketetan taularatuko dituzten antzezlanak. Izan ere, Eskola Antzerkiaren asteak ez du hutsik egingo aurten ere: azaroaren 10etik 14ra, Soreasuko oholtzan zein eserlekuetan ikasleak izango dira nagusi goizero, eta dozena bat antzezlan jokatuko dituzte denera egun horietan; tartean, Dinamoan Agirrezabalak eta Alaitz Olaizolak ematen dituzten antzerki tailerretetako gaztetxoek emango dituzten bostak.

Itzal txotxongiloak

Antzerkia gaztetxoengana hurbiltzeko "bitartekari" gisa, txotxongiloek aspalditik izan dute beren tokia Azpeitiko topaketetan. Aurten arte, bitartekaritza lan hori Corrado Massacik bete izan du beti, baina aurten Zurrunka Teatroak beteko du haren hutsunea.

Batetik, Gure kanoa lana emango dute Soreasun Zurrunkakoek azaroaren 15ean. Bestetik, itzal txotxongiloen tailerrak eskainiko dituzte: azaroaren 3tik 6ra Betharramen, ikasleentzat; eta familiei zuzendutakoa Dinamoan, azaroaren 14an. Azken hori doakoa izango da, baina gonbidapenarekin.

Sarrerak salgai

Txotxongilo tailerrerako gonbidapenak ez ezik, 43. Euskal Antzerki Topaketetako emanaldi guztietarako sarrerak gaurtik salgai daude antzerkitopaketak.eus webgunean, eta sarrera fisikoak ere eskuragarri jarriko dituzte Sanagustin kulturgunean.

Soreasuko emanaldietarako sarrerak 10 eta 5 eurotan jarri dituzte salgai; eta 8 eurotan, Dinamokoak eta Sanagustinekoak. Kultur Bonoarekin, sarrerak doan izango dira.

Egitaraua

Hona hemen, 43. Euskal Antzerki Topaketen egitaraua:

Urriak 31, ostirala

  • 10:30. Nor naizen baneki (Axut! - Artedrama). Soreasu antzokian, ikastetxeentzat. Bukaeran solasean ariko dira antzezleak ikasleekin.

Azaroak 1, larunbata

  • 19:00. Nor naizen baneki (Axut! - Artedrama). Soreasu antzokian.

Azaroak 2, igandea

  • 19:00. Renata (Kamikaz kolektiboa). Soreasu antzokian.

Azaroak 6, osteguna

  • 19:00. Igogailu batean amaitu zen mundua (Amahiru konpainia). Dinamoa sormen gunean.

Azaroak 7, ostirala

  • 21:30. Ai, gure juaneteak (Tartean Teatroa). Sanagustin kulturgunean.

Azaroak 8, larunbata

  • 18:30. Eraitsi S.L. kale antzerkia (Goitibera). Plazan.

Azaroak 9, igandea

  • 19:00. Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? (Tanttaka Teatroa). Soreasu antzokian.

Azaroak 10-14

  • 11:00. Eskola antzerkia, egunero, Soreasu antzokian.

Azaroak 13, osteguna

  • 19:00. Gizon gosetuak (Sustrai Teatroa). Dinamoa sormen gunean.

Azaroak 14, ostirala

  • 17:30. Itzal titere laborategi-tailerra, familientzat, Zurrunka Teatroaren eskutik. Dinamoa sormen gunean.
  • 19:00. Rikardo III eta ni (Dxusturi Teatroa + Horman Poster). Soreasu antzokian.

Azaroak 15, larunbata

  • 17:00. Gure kanoa (Zurrunka Teatroa). Soreasu antzokian.

Azaroak 16, igandea

  • 19:00. Itzulera (Dejabu konpainia). Soreasu antzokian.

Azaroak 20, osteguna

  • 19:00. Adarbakarra (Infinitu Drama). Dinamoa sormen gunean.
  • Egun berean, Kaka antzezlanaren gainean solasean ariko dira Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala Udal Euskaltegian, hango ikasleekin.

Azaroak 21, ostirala

  • 19:00. Burugabeak (Eromen elkartea). Soreasu antzokian.

Azaroak 23, igandea

  • 19:00. Sari banaketa, Soreasu antzokian.
  • Ondoren, leku berean, Kaka (Erika eta Xanti).

*Azaroaren 3tik 6ra, itzal titereen tailerrak eskainiko ditu Zurrunka Teatroak eskolaumeentzat, Betharrameko aretoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide