Corrado Masacciri aitortza, agurrean

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 15a, 18:57

Txotxongilogile italiarrak erretiroa hartuko du eta gaur itxiko du Betharramen Euskal Antzerki Topaketen barruan egin duen azken erakusketa. Azpeitiko Udalak, Kulturazek eta Topic-ek oroigarriak eman eta esker ona adierazi diote urteetan egindako lanagatik.

Hamarkada bat jarraian Euskal Antzerki Topaketen barruan erakusketa eta erakustaldiak eman ondoren, gaur esango dio agur Corrado Masaccik Betharrameko erakusketa aretoari. Aurtengoa da, izan ere, Ondarroan (Bizkaia) bizi den txotxongilogile italiarrak Azpeitian jarriko duen azken erakusketa, erretiroa hartzekoa baita.

Azaroaren 1etik irekita izan du Masaccik 45 urte txotxongilo artean erakusketa, bere ibilbide osoaren laburpen gisa aurkeztu duena, eta gaur izan da hura ikusteko azken aukera. Hori dela eta, Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak Antzerki Topaketei egindako ekarpena eskertu nahi izan diote Masacciri. Erakusketaren azken egunean, italiarraren lagun Mikel San Juan tailugile azpeitiarrak egindako oroigarria eman diote Betharramen bertan, ekitaldi xumean. Aitortza horri batu zaio Tolosako Topic ere; hain zuzen ere, txotxongiloen nazioarteko zentroak hartuko du Masacciren lekukoa datorren urtetik aurrera Euskal Antzerki Topaketetan, eta Topic-eko kideak ere Betharramen izan dira gaur arratsean, Masaccirekin egoteko eta oroigarria emateko.

Hunkituta jaso ditu Masaccik oroigarriak eta aitorpen hitzak. "Pena ematen du hau bukatzeak, baina pozez eta esker onez bizitzeko momentua da hau guretzako. Zuri esker deskubritu dugu askok eta askok txotxongiloak zer diren. Zenbat ume ez ote dira pasatu hemendik... Goizean eskolatik etorri, eta arratsaldean agian berriro, gurasoekin, gustatu egin zaiolako; eta, gainera, etxera joan eta txotxongilo propioa egiten saiatu. Hori dena, zuri esker", esan dio Aitor Larrañaga zinegotziak Masacciri, Topaketei egindako ekarpenagatik eta urtez urte "hain gauza erakargarriak ekartzeagatik" udalaren, kulturazen eta "Azpeitiko herriaren izenean" oroigarria eman aurretik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide