Ehunka azpeitiar mobilizatu da gaur goizean eta eguerdian Palestinaren alde, genozidioaren kontra eta Israeli boikota egitea eskatzeko. LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru sindikatuen hiru orduko lanuztearekin edota ELAren lau ordukoarekin bat egin dute lantegi ugaritan, eta horietako batzuen atarietan egin dituzte eguneko lehen elkarretaratzeak hainbat langilek.
Goiz parteko elkarretaratze jendetsuena, baina, Elkar-ekinek Sanjuandegiko biribilgunean deitutakoa izan da; biribilgunea eta haren inguruko lau aldeetako espaloiak bete dituzte herritarrek 11:30etik aurrera, eta 12:00etan errepidea ere itxi egin dute, ordu laurden inguruko tartean, protesta txalo artean bukatu aurretik. ELAk deituta, berriz, plazan ere elkartu dira hainbat langile, 12:00etan izan da hori.
Arratsalderako deiak
Gaur, 19:30erako, Gernika-Palestina herri ekimenak deituta protesta zaratatsua egingo dute, plazan. Burrunbarako deia egin du eragile horrek, eta beraz, herritarrei zarata ateratzeko tresnak eramateko deia egin die.
Palestinarekin Elkartasunak Donostian deitu du mobilizazioa, eta protesta horretara batzeko deia egin dute hura osatzen duten plataformek; tartean, Kontseilu Sozialistak. 18:00etan egingo dute protesta, Pio XII plazatik irtenda.
Udal Kiroldegian langileek arratsaldez ere egingo dute lanuztea, eta beraz, 19:00etatik 22:00etara itxita egongo da.