Asteburu honetan egingo dute herrian Tuba Jaialdiaren lekukoa hartzera datorren Soinu Loturak jaialdia, eta joan den astean iragarri zuten egitarauari gehitu dizkioten hiru berrikuntza iragarri dituzte antolatzaileek.
Jaialdian parte hartuko duten maisuen zerrendari dagokio berrikuntzetako batek. Izan ere, Andoni Moñux tuba jotzailea (Bergara, Gipuzkoa, 1997) Azpeitian izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Estoniako Vanemuine Orkestra Sinfonikoko tuba bakarlaria da Moñux, eta ITEC nazioarteko tuba lehiaketa irabazi du aurten. Bi agerraldi egingo ditu bergararrak Soinu Loturak jaialdian: klase magistrala emango du, batetik –eguna eta ordua zehazteke–; eta bakarlari ariko da bandarekin zapatu arratsaldeko kontzertuan.
Bete bi berrikuntzak jaialdian parte hartuko duten musikariei zuzendutako zerbitzuekin daude lotuta. Horrela, Raul Puenteren eskutik luthier zerbitzua jarriko dute beren musika tresnak doitu nahi dituzten parte hartzaile guztien eskura; eta Gune-Music enpresaren eskutik, egurrezko nahiz metalezko haize instrumentuen eta berrikuntza teknikoen erakusketa jarriko dute Soreasu antzokian, jaialdian parte hartuko dutenek zapatuko kontzertuaren aurretik zein ondoren ikusi edota proba ditzaten.
Egitaraua
Hona hemen, urriaren 18rako eta 19rako antolatu duten egitaraua:
Urriak 18, larunbata
- 09:30. Harrera, Soreasu antzokian.
 - 10:00. Donostiako Kontsebatorioaren aurkezpen laburra.
 - 10:15. Beroketa saioak: metala alde batetik, eta haizezko bestelakoak bestetik.
 - 11:15. Atsedenaldia.
 - 11:45. Talde entseguak (instrumentuka banatuta).
 - 13:30. Bazkaria.
 - 15:30. Entsegu orokorra, Kontserbatorioko ikasleekin batera.
 - 19:00. Kontzertu nagusia, Soreasu antzokian.
 
Urriak 19, igandea
- 12.30. Bost Brass metal boskotearen kontzertua, Sanagustin kulturgunean.