Palestinaren aldeko elkartasunak ez du etenik izan herrian. Gernika-Palestina herri ekimenak deitutako elkarretaratze zaratatsuak eman die segida goizean egindako mobilizazioei. Ekimen horrek Euskal Herriko udaletxeen atarietan biltzeko egindako deialdiari gogotik erantzun diote azpeitiarrek; izan ere, 19:30erako 200dik gora lagun elkartu dira plazan, Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren kontrako aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko. Urrestillan ere 70 bat lagun elkartu dira plazan, aldarrikapen horiexekin bat eginez.
Ordu erdiren bueltan egin dute bilkura plazan, eta gero, Gernika-Palestina herri ekimenaren adierazpena irakurri dute bi herritarrek. "Etxera itzultzea etxe arrastorik gabe. Harriak, hautsa, hutsa, tranpak, oroitzapenak, malkoak, inoiz itzuliko ez dena begi bistan. Hala ere itxaropentsu. Hondakinak baino, genozidioaren frogak dira. Herri nekaezinaren metafora". Hala esanez hasi dute horiek Gernika-Palestinak gaurko espresuki egindako adierazpenaren irakurraldia.
Egunotan Palestinan bizitzen ari diren egoera ekarri dute gogora plazan, baita nazioarteko komunitateak genozidioan izan duen rola salatu ere. Halaber, gogorarazi dute genozidioa "keinu bakoitzean indarrean" dagoela oraindik ere, ez dela [Donald] Trump [AEBetako presidenteak] diseinatutako akordioarekin amaitzen. "Nazio Batuen Erakundeak, tamalez, zuzenean ikusteko parada daukaguna baieztatu zigun: Gazan genozidioa ematen ari da eta luzerako doa".
Gainera, zifra hainbat ere eman dituzte gaurko elkarretaratzearen bukaeran. "Egunotan 1.968 palestinar bahitu kalean utzi dituzte, batzuk etxera itzultzeko, etxeen eta senideen arrastorik gabe. Azken bi urteotan 77 palestinar hil dira Israelgo atxilotze guneetan, eta 10.000 inguruk jarraitzen dute preso. Horien artean 360 adingabekoak dira, semantikoki umeak direla ez esateko", jakinarazi dute.
Palestinaz hitz egiten jarraitzeko beharra dagoela azpimarratu dute, horrez gain, bigarren plano batean geratzeko arriskua errotik uxatzeko. "Babes eta mobilizazio sozialari eusteko milaka arrazoi daude, suntsitutako adreilu bakoitzeko bana, eta datozen asteotan arlo guztietan aukera paregabeak izango ditugu palestinarrak erdigunean jartzeko", gaineratu dute. Bestalde, Israel "isolatu" egin behar dela aldarrikatu dute: "Israel isolatu behar da maila diplomatikoan, komertzialean, kulturalean, kirol mailan, instituzioetan, unibertso akademikoan..., okupazioa, aparheid-a eta palestinar lurretan kolonia ilegalak amaitu arte, eraikiko den tren bakarra askatasunarena izan dadin".
Protesta egiteak duen balioari ere eman diote lekua, eta esan dute Euskal Herria "harrokeriak gabeko abangoardia" izan dela horretan. Babes hitzari ere erreparatu diote, "gakoa" delako: "Urgentziazko neurriak aplikatu behar dira Palestinan: laguntza humanitarioa biderkatu, presio militarra desagerrarazi, sektore zaurgarrienen zaintza landu, oinarrizko zerbitzuen hornidura berreraiki, desplazatutakoak sorterrira eraman... Babestu Gazan, Zisjordanian, kanpamenduetan eta espetxeetan. Palestina eta palestinarrak babestu finean, palestinarrek beren etorkizuna erabaki dezaten".