Izarraitz igeri elkarteko kideak taldearen 40. urtemuga ospatzen ari dira gaur goizean hasita. Eguna ezin hobeto hasi dute, ondoen dakitena eginez: igerian. Hain zuzen ere, igeriketa saioa egin dute hainbat lagunek igerilekuan.
Hortik aurrerakoa kirola alde batera utzita egin dute, festan murgildu baitira taldeko kideak. 13:00 inguruan, igerilekutik abiatuta eta trikitilariek lagundurik, kalejiran joan dira Izarraitzeko kideak plazara, eta gero, bazkaria egin dute 200 bat lagunek Azoka Plazan. Urtemugaren harira kaleratutako zapiak lepoan jantzita joan dira hara taldeko kide hainbat.
Bazkalostean, gainera, Izarraitzen sorreran lanean aritu ziren herritarrek klubaren aitortza jaso dute. Zehazki, Izarraitzen sorrera egia bihurtu zuten Tomas Juaristiri, Lurdes Arregiri, Juan Mendizabali, Kontxi Odriozolari, Jaime Zabaletari eta Jabier Urbietari omenaldia eskaini diete.
Bestalde, sabelak bete ostean, Iagomagoren emanaldiaz gozatu ahal izan dute Azoka Plazan bildutakoek, eta 19:00etan plazan hasita, berriz, elektrotxaranga ibili da Izarraitzekoekin batera, kalez kale.
Abestia, urtemugarako
Gaurkoan sorpresa bat ere jaso dute, ordea, Izarraitzeko kideek. Izan ere, Gukari azaldu diotenez, Unai Frantsesenak gaur bidali die Izarraitzekoei klubari eskainitako kanta. Frantsesenak jarri dio musika taldearen ereserkiari, eta hitzak, berriz, Jesus Lopetegirenak dira.
Hona hemen abestia:
Kantaren hitzak, berriz, honako hauek dira:
"Asabak Atxubiaga,
Malkortxo ta Amubera
erroten presatatikan
piszinan entrenatzera
prestakuntzan grinatsuak
lehian gerlari jarrera
Izarraitz elkartekoak
uretan bizkorrak gera.
Adorez, malgu ta labain
izokinaren antzera
igerian igotzeko
Azpeitia gorenera.
Berdin krol, bizkar zein bular
edo tximeleta era
berdin du igerileku
laku naiz itsaso bera
Baloreak zipriztintzen
murgilduz ur barrenera
ametsak kolonizatzen
jarraitzen degu aurrera.
Adorez, malgu ta labain
izokinaren antzera
igerian igotzeko
Azpeitia gorenera.
Berdin krol, bizkar zein bular
edo tximeleta era
berdin du igerileku
laku naiz itsaso bera".