Arrakastatsua izan da Soinu Loturak egitasmoaren lehen eguna. Izan ere, Tuba Jaialdiari segida emateko Donostiako Kontserbatorioak eta Azpeitiko Metal Boskoteak elkarlanean antolatutako egitasmoaren bueltan 80 musikari baino gehiago elkartu ziren atzo. Goizean musika saioak eta entseguak egin zituzten, eta arratsaldean izan zen egun osoan zehar prestatutakoa jendaurrera eramateko unea.
19:00etan hasita, 80 bat musikarik kontzertua eskaini zuten Soreasu antzokian. Askotariko doinuak eskaini zituzten musika ikasleek, eta haiekin batera izan zen agertokian Andoni Muñoux tuba jotzaile entzutetsua. Haize egurrezko eta metalezko musika tresnekin sortutako doinuez gozatu ahal izan zuten Soreasura joandako herritarrek.
Gipuzkoako musika eskoletako eta Donostiako Kontserbatorioko ikasleen arteko harremanak sendotzeko asmoz antolatu dute Soinu Loturak jaialdia, eta atzo ikasleen txanda izan bazen, gaur Bost Brass metal boskotearena izango da. Taldeak 12:30ean eskainiko du kontzertua, Sanagustin kulturgunean.